2018an abiatu zenuten ikerketa. Zer dela eta?
Bartzelonan bizi zen bat eta Madrilen bestea, baina Antzuolara itzuli eta gatazka armatuaren gaia lantzeko hautua egin genuen, historia eta antropologia diziplinen arteko elkarrizketetatik, baina modu lokalean, Antzuolako testuinguruan. Izan ere, 1990eko hamarkadan jaiotakoak gara, eta bizi izan dugu gatazka armatuaren amaiera bat, baina ez du ia-ia inolako errelatorik, transmisiorik... Etxean ere gainetik tratatutako gai bat izan da, eta sumatzen genuen hor bazegoela zerbait: lokatza.
Horretarako, elkarrizketak eta talde eztabaidak egin dituzue. Zer jaso duzue?
Batetik, erregistro numeriko bat jaso dugu; zenbat gauza eta zer gertatu den herrian, eta hori elkarrizketa bidez ez ezik, orduko prentsa kontsultatuta ere bildu dugu. Eta, bestetik, saiatu gara horren eragina modu intimoagoan-edo jasotzen: zeintzuk diren zeharkatzen gaituzten beldurrak, zein tabu sortu ziren, zer-nolako estereotipo eta aurreiritziekin bizi garen... Alegia, nola jasotzen den gatazkaren eragina.
Ikuspegi feminista ere txertatu duzue lanean.
Bai; biok gatoz mugimendu feministatik, eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun gatazka idatziaren fokuen pean egon diren egitate eta protagonista horietatik harago alboetan egon direnei ahotsa ematea, horko protagonistei. Alboetako gatazkan edo periferiakoan zentratu gara, eta ondorioztatu dugu bisiten antolaketan, espetxeetan... emakumeek egin izan dutela lan, orain artean aitortu ez den arren.
Hala ere, ez dituzue nahi beste ahots jaso...
Ez, eta hori zen hasieratik genuen beldurretako bat. Banakako elkarrizketak 26 izan dira, hamar emakume eta hamasei gizonezko, eta horien artean izan dira atxilotuak eta euren senideak, iheslariak, bakegintzako militanteak... Eta, horrez gain, zortzi talde-eztabaida egin ditugu herriko talde eta eragileekin. Politikagintzan, adibidez, EAJ eta ezker abertzalea izan dira parte-hartzaileak. Hala ere, nolabait, mundu abertzaletik kanpoko ahotsak falta izan zaizkigu, parte hartu duten banakako elkarrizketetako ahots batzuk PSE ingurukoak izan badira ere.
Hori ere bada zerbaiten adierazle, ezta?
Bai, eta hori ere aipatzen da lanean. Sumatu dugu gabezia bat, baina jendea ez dago oraindik hitz egiteko prest, ez du hitz egin nahi, eta hor sumatzen da min edo itxi gabeko zauri bat dagoela. Baina, tira, lehendabiziko lan bat da, hasierako hitz egiteko ariketa bat.
Ane Alberdi eta Onintza Legorburu, liburuaren egileak, martitzenean, Antzuolan.
Eta, gainera, baliteke halako bat egiten den lehen aldia izatea Antzuolan...
Bai; aipatu bezala, lehen pauso bat da, eta hasieratik jaso dugu babes handia herriaren aldetik. Gainera, ikusi dugu behar handia zegoela hitz egiten hasteko, eta jendeak eskertu digu espazio hori ematea. Memoria kolektibo makrotik mikrora salto egiteko beharrak bultzatu gintuen horretara, memoriaren gaia lantzeko beharra ikusten zuen talde bat baitzegoen herrian.
Hain justu, memoria inklusiboa eta bizikidetza izan dituzue hizpide lan hori egiteko orduan...
Bai, kolektibotasun batetik herri memoria bat sortzeko beharra baitzegoen, ahal bezain pluralena izango zena. Euskal gatazka modernoak, 1958-2011ko aldikoak, eragina izan zezakeelako Antzuolan ere, bizikidetzan eta egunerokoan. Izan ere, memoria politizatua eta monopolizatua egon den aspektu bat izan da, Euskal Herriak naturalki ez du bake prozesu bat izan, eta, uste genuen elkarbizitzan aurrerapausoak emateko garrantzitsua zela gai horri buruz berriketan hastea.
Osterantzean, ahanzturan erortzeko arriskua al dago?
Bai, hori baita gatazka traumatiko guztietan gertatzen den prozesua, eta guk uste dugu minari eta errelato historikoari, nahiz eta gatazka bat edo debate bat izan eta seguru aski pertsona batzuentzako azkartxo izan, lekua eman behar zaiola, gatazkak eragindako kalteak azaleratzeko. Hori gertatu zen, esate baterako, Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan 36ko gerrarekin: diktadura frankista batek isiltasuna ekarri zuen eta ahanzturara eraman zuen memoria kolektiboa, horrek dakarren sufrimenduarekin. Ezin da berriro bide beretik joan.
Bada, landutako guztia liburu batean bildu duzue orain. Eskuragarri al dago?
Inprimategian dago oraindik, baina datozen asteetan iritsiko da eta izango da eskuratzeko aukera. Gainera, herriari eskaini nahiko genioke, herriarena delako grabazio ordu guztietan jaso duguna.