Martitzenean, hilaren 21ean, egin zuten ibilbidearen aurkezpena Urruñako Xaia ostatuan (Lapurdi), bi herrietako kideak bertan bildu izan baitira sarri proiektu honi zein beste zenbaiti bide emateko. Beñardo Kortabarria Antzuolako alkatea, Arño Gastambide Aiherrakoa, eta Jean Mixel Barbier, Samuel Biscay eta Panpi Olaizola aihertarrak bildu ziren prentsaurrekoan. Hala ere, eskerrak eman zizkieten gerturatu ezin izan ziren baina proiektuan buru-belarri aritu diren Beñat Durruti aihertarrari eta Oier Peñagarikano antzuolarrari, eurek eginiko lana funtsezkotzat jota.
Gastambide, Biscay, Barbier, Olaizola eta Kortabarria, martitzenean, Urruñako Xaia ostatuan.
Azaldu dutenez, 2018an otu zitzaien ibilbidea sortzeko ideia, baina, pandemiaren ondorioz, eten bat egin, eta duela bi urte berrekin zioten egitasmoari. "Urrats berri bat da bi herrien arteko loturak sendotzeko, baina badu beste proiekzio bat ere: Euskal Herri mailako zerbait izatea. Herri bakartzat agertzen gaituen proiektua da, herri berekoak izatearen sentsazioa eta bizipena dakarrena", adierazi du Kortabarriak.
Hala, euskararen eta euskal kulturaren bidea ere badela erantsi du Antzuolako alkateak, euskara dutelako ardatz eta herrietako ohiturak eta paisaiak ezagutzea xede; funtsean, "nazioarena" ere badela aldarrikatu du. Eta bat egin du Barbierrek ere: "Herri bereko seme-alabak gara, hizkuntza bera dugu eta hori oinez ibiliz ere ikusten da. Ibilbide horren bidez konturatuko da zinez Euskal Herriko batasunarekin, bat egiten dugula elkarren artean". Haren hitzetan, mugak aipatzen dira, baina norbere buruan daude. Are gehiago, Gastambidek ere ildo beretik jo nahi izan du: "Ez da mugarik. Hori da proiektu honen printzipala. Eginen dugu lotura gure artean".
Martxan da webgunea
Mugak zubi bihur daitezkeela erakusteko, beraz, hiru eta sei ordu inguruko hamabi etapez osatu dute ibilbidea, eta, guztiak bildu dituzte mugakzubi.eus webgunean, eskuragarri egon daitezen.
Durrutirekin batera, batik bat, Peñagarikano arduratu da ibilbidearen alde teknikoaz eta horren berri eman du: "Ibilbidearen nondik norako bat zehaztu genuen lehendabizi; zein izango zen zeharkaldiaren norabidea; eta, behin hori eginda, mapak egin genituen, Interneten dauden errekurtsoak erabiliz zirriborro bat osatuta". Ostean, aihertarrek etapa batzuk egin zituzten, eta, antzuolarrek, beste batzuk; zeuden okerrak zuzendu, eta oharrak zein argazkiak egin zituzten webgunea osatzeko. "Lan dezente izan da etapa guztiak egitea; ia bi urtez luzatu da".
Aiherra eta Antzuola batzen dituen ibilbidea, mapan.
Ordea, nekeza izanda ere, erdietsi dute helburua, eta webgunean bildu dituzte eginiko etapa guztiak. "Aiherratik Antzuolara edo Antzuolatik Aiherrara egin daiteke zeharkaldia, eta bi noranzkoak jasota daude; azalpenak ere egokituta daude norabidearen arabera". Idatzita daude esplikazio horiek, lekuak identifikatzeko baliagarri izan daitezkeen irudiekin batera. Eta, horrez gainera, sakelako telefonora edo mendiko GPSra ibilbidearen xehetasunak biltzen dituen dokumentuak deskargatzeko aukera dago. "Azkenik, mendian ondo ibiltzeko eta ingurunea zaintzeko dekalogo bat ere bada. Aurrerago joango gara eduki gehigarriak sartzen".
Gaur-gaurkoz, euskaraz bakarrik daude azalpen horiek, baina asmoa da gerora frantsesez eta gazteleraz jartzea. Are gehiago, bizikletentzako ibilbide bat ere egin nahi dute.
Zapatuan etapa bat
Nafarroa Beherea, Nafarroa eta Gipuzkoa zeharkatzen ditu ibilbideak, eta, orotara, hemezortzi herri: Antzuola, Legazpi, Mutiloa, Zerain, Segura, Idiazabal, Ataun, Amezketa, Arribe, Leitza, Arantza, Igantzi, Lesaka, Etxalar, Urdazubi, Itsasu, Lekuine eta Aiherra. Eta, hain justu, zapatu honetan, hilaren 25ean, izango dute bi herrietako kideek etapa horietako baten zati bat oinez egiteko aukera, Lekorne eta Aiherra artekoa.
08:00etan aterako dira Antzuolatik, eta, 09:30ean, Lekornera iristean, kafea hartuko dute. Hiru orduko txangoaren ostean, 13:00ak aldera iritsiko dira Aiherrara, eta, aperitifa eta bazkaria egingo dituzte.
Hala ere, Antzuolara ere gerturatuko dira aihertarrak, Legazpi eta Antzuola arteko etapa egingo baitute apirilaren 2an, domeka, elkarrekin. Txangoaren ostean, bazkaria egingo dute, eta astelehenera arte, martxoak 27, eman daiteke izena Udaletxean edo liburutegian. 21 euroko prezioa du eta menu beganoa ere badago.