1523ko urtarrilaren 15a. Orduan eman zuen Clemente VII. aita santuak Errukizko Amaren parrokia eraikitzeko bulda, Olalde inguruan –izen horrekin deitzen baitzitzaion egun Herriko Plaza dagoen tokiari–. Halere, ez zen egun batetik bestera eraiki; antzinakoa zena egin zuten lehendabizi, oinarriak, eta, ostean, zegoena zabaldu zuten.
Bada, eliza eraikitzeko baimen hura eman zenetik bost mendera, urteurrena ospatuko dute.
Buldaren azalpenak
Jon Molina apaiza da antolakuntza-lanetan dabilenetako bat, eta nabarmendu du "500 urteko efemeride borobila ospatzeko modukoa" dela. Haren arabera, ospakizunak hasteko, "ekitaldi xume batzuk" antolatu dituzte, baina nabarmendu du aurrerago ere izango dutela beste zerbait prestatzeko aukera. "Momentuz, parrokia eraikitzeko bulda ekarriko dugu eta bulda horren azalpen bat egin nahi genuke, herriari azalduz zer den, zer esan nahi duen eta zer ondorio dakartzan".
Iñigo Ramirez de Okariz historialaria arduratuko da zeregin horretaz. Herriko parrokia: 500 urteko ondarea izenburua duen hitzaldia egingo du martxoaren 9an, eguena, Olaranen, 18:30ean. 500 urteko bidea izango du gogoan, buldaren azalpenetatik hasita. "Data sinbolikoa da 1523ko urtarrilaren 15a, aita santuak baimena eman zuelako Antzuolan parrokia eraikitzeko". Azaldu duenez, Antzuolak, antzina, Uzarragako eliza zuen soilik, baina, herrigunean jendea bizitzen hastearekin bat, beste baten premia ikusi zuten herritarrek. "Aita santuak emandako dokumentuan oso ondo ageri da garai hartan Olalde inguruan 150 bizilagun bizi zirela, eta hori nahikoa aitzakia izan zen beste parrokia bat eraikitzeko".
Aita santuak izenpetutako eta zigilatutako agiria da bulda; hain justu, dokumentuaren azpian ageri den berunezko domina. Irudian: aita santuak emana 1523an.
Errukizko Amaren parrokiaren eraikuntza, ordea, ez zen egun batetik bestera egin. Dokumentuen arabera, 1525ean kontsakratu zen eliza kulturako, baina 1540ra arte ez zen bukatu Antzuolako hasierako parrokia zena. Ondorengo urteetan, berriz, elizaren egoera tamalgarria zen, eta gero eta antzuolar gehiago izateak parrokia berritu beharra ekarri zuen. "Orain ikusten dugun parrokia ez da antzinakoa. Egungoa antzinakoaren gainean eraikita dago; edo, hobeto esanda, zabaldu egin zen", azaldu du Ramirez de Okarizek. Alabaina, lanak nahi baino gehiago atzeratu ziren, 1651n hasi baitziren eliza handiagoa eraikitzen, inguruko lurrak erosita. "Ia-ia berrehun urte behar izan zituzten egun ikusten duguna eraikitzeko. Azken zatia kanpandorrea izan zen, 1866an, eta horrek ekarri zuen obra bukaera".
Kanpandorreak, ordea, badu berezitasun bat, bi zati baitira: "Bata 1866koa da, antzinakoa, kanpai handiak dituena, baina 1952ko urtarrilaren 18an oinaztarri batek jo eta gainaldeko zatia erre egin zen". Berreraiki egin behar izan zuten. Hala ere, bitxiena da plazatik begiratuz gero kanpandorrearen eraikuntza urtea 866a izan zela, lehen zenbakia estali egiten baitu erlojuak. "Eliza barruan sartuko bagina, ordea, gauza bitxi gehiagorekin egin genezake topo; interesgarriak, artelanen aldetik. Eta hori ere izango da aitzakia ospakizunean, ate irekiak egingo dira eta".
Eliza zabalik
Hala, zapatuan, martxoaren 11n, egingo dituzte ate ireki horiek parrokian, Molinak adierazi duenez. "Eliztarrok ezagutzen dugu gure parrokia, baita antzuolar askok ere, baina, akaso, badaude batzuk, gaztetxoenak-edo, ezagutzen ez dutenak. Hala ere, nik uste dut gure parrokia hau ikusteko moduko zerbait dela, ondare kulturala inportantea delako". 11:30etik 13:00era eta 18:30etik 20:00etara egingo dituzte ate irekiak, eta, gainera, zabaltzeko unean, goizean zein arratsaldean, bisita gidatuak egingo dituzte.
Igandean, berriz, martxoaren 12an, Fernando Prado Donostiako apezpikuak meza esango du Errukizko Amaren parrokian. "Joan den abenduaren 17an ordenatu zuten gotzain, eta geroztik bi hilabete besterik ez da pasa, baina aitzakiaren bat behar zen gotzaina Antzuolara gonbidatzeko eta pentsatu genuen hau izan zitekeela egokiera aproposa". Bada, ohi den legez, 11:00etan esango du meza nagusia, eta, ostean, eliztarrekin egoteko aukera izango du.
Alabaina, ez da egun horretako ekintza bakarra izango, pergaminozko bulda ikusgai jarriko baitute meza ostean, 12:00etatik 13:00etara bitartean, parrokiako sakristian.
Bestalde, 16 orrialdeko dosier bat kaleratuko dute, parrokiaren historia eta ondarea dakarrena; bi eurotan izango da salgai.