3.092.298 euroko aurrekontua onartu du Udal Gobernuak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urt. 20a, 10:55

EH bilduren aldeko botoekin egin du aurrera, EAJk eta PSE-EEk "gardentasun falta" eta prozeduran izandako ustezko akatsak salatu baitituzte. Inbertsiorik "potoloenen" artean dago Errekalde auzoa urbanizatzea, 2022ko gerakinetik bideratu nahi dena.

3.092.298 euroko aurrekontua onartu du Antzuolako Udal Gobernuak; 2019-2023ko agintaldiko azkena, hain justu ere. Iazkoa baino 162.671 euro handiagoa izango da eta Gipuzkoako Foru Funtsetatik lortuko da kopuruaren zati handi bat; zehazki, 1.700.818 euro, aurrekontu osoaren %55.

Hori gogoan, Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak adierazi du herritarrak gogoan izanda landutako aurrekontuak direla. "Herriak behar dituen proiektuei aurre egiteko aurrekontuak dira; nolabait, ateak pixka bat zabalik uzten ditu hurrengo datorren taldearentzat". Beraz, nabarmendu du egungo Udal Gobernuak ez dituela amaituko hasitako lan guztiak, baina horiek bideratzera eramango duten aurrekontuak sortu nahi dituztela.

Ez da adostasunik

Alabaina, martitzenean onartutako aurrekontuak soilik EH Bilduren aldeko botoak jaso zituen, EAJk eta PSE-EEk aurka botatu baitzuten. Miren Gallastegi sozialistak "gardentasun falta" leporatu dio Udal Gobernuari, jarrera hori oposizioarekiko "errespetu falta" dela erantsita. Horrez gain, azaldu du aurrekontuek ez dutela "ezer berririk jasotzen, ez dela Antzuolarentzako proaktiboa izan daitekeen ezeren alde" egiten eta, gainera, hauek lantzean jarraitu beharreko prozesua "ez dela egokia" izan.

Eta, hain justu, bide beretik heldu dio Basilio Ormazabal EAJko bozeramaileak ere. "Ja hirugarren urtea da diodana, baina aurrekontuek batzordeetan landutakoak izan behar dute. Eta ikusten duguna da batzordeetatik ez direla pasatu. Hori ez da bidezkoa".

Gainera, azaldu du aurrekontuen aurkezpena "forma aldetik ere" ez dagoela "ondo estrukturatuta". Izan ere, jeltzaleen arabera, era horretako dokumentu bat kapituluka aurkeztu behar da; besteak beste, memoria batekin. Beraz, jakin nahi dute ea legezkoa den prozedura horrela egitea. "Jarriko nintzateke alkatearekin edo Ogasunekoarekin egun baten partidaz partida aztertzen, ea nondik datozen eta nora doazen". Ormazabalek nabarmendu baitu "gaizki kalkulatuta" zeudela horietako batzuk.

Dena den, alkateak ez du harriduraz jaso EAJren eta PSE-EEren ezezkoaren aldeko hautua, eta are gutxiago eurek esandakoa, aitortu duen arren balitekeela aurrekontuak osatzerakoan pauso aski ez ematea. "Gardentasun faltarena betiko leloa da, eta, parte hartzeari dagokionez, onartu dugu, agian, ez dugula tarterik eta indarrik izan. Baina eraman izan ditugunean ere kritika berbera entzun dugu".

Likidaziokoa Errekaldera

Hala ere, aurrekontuek oniritzia dute aurrera egiteko, behin-behinean bada ere, alkateak gogorarazi baitu hilabeteko epea dagoela alegazioak egiteko. Bertan jasotako proiektuen berri eman du, ordea.

Errekaldeko urbanizazioaren berritzea nabarmendu du. Azaldu duenez, "inbertsio potoloa" izango da, biltegi berria erostearekin batera, baina gogorarazi du ez dagoela aurrekontuetan zehaztuta, 2022ko likidazioaren gerakinarekin zehaztuko baitira. Hala ere, aurreikuspenen arabera, Errekaldera 675.000 euro inguru bideratzea espero da; hain justu, asmoa da Lazareto etxea eraistea, bertan aparkalekuak eta parkea egitea eta, horrez gain, zirkulaziorako lan batzuk egitea, Gipuzkoako Aldundiarekin hitz eginda.

Zehaztutako inbertsioak

Horiez gain, inbertsio gehiagoren berri ere eman du alkateak: 110.000 euro bideratuko dituzte Antzuolako Udal Pilotalekuko lanak egitera; eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorra idaztera, berriz, 35.000 euro.

Zurrategiko kioskoa egokitu egingo dute, EAJk horren beharrik ikusten ez badu ere, eta eskolan eta patioan megafonia jarriko dute, besteak beste.

Diru kantitate aldetik partidak baxuagoak badira ere, Aiherrarekin (Nafarroa Beherea) harremana sendotzen jarraitzeko nahia dute: bi herrien arteko ibilbidearen webgunerako 5.000 euro jarriko dituzte. Are gehiago, gizarte zerbitzuen kalitatea bultzatzen ere segituko dute. Hala, alkateak nabarmendu du aurrekontuen %14 bideratuko dutela lehen mailako gizarte laguntzetara.

Zeregin gehiago

Kaleetako espaloiak, barandak eta zoladurak konpondu egingo dituzte, 175.000 euroren truke; argiteria publikoa aldatzeko, berriz, 52.000 euro adostu dituzte, eta landa auzoetako pistak ere konponduko dituzte.

Inbertsio nagusiak 

2023ko udal aurrekontuan hainbat diru-partida zehaztu ditu Udal Gobernuak. Urtero legez, hainbat dira izango dituen gastuak, baina badira garrantzia duten inbertsioak ere.

Zehaztutako inbertsio batzuen zerrenda:

  • Udal Pilotalekuko obra: 110.000 €
  • Plan Orokorra idaztea: 35.000 €
  • Zurrategiko kioskoa egokitzea: 30.000 €
  • Eskola barruan eta patioan megafonia jartzea: 22.000 €
  • Olarango argiteria berritzea: 22.000 €
  • Jardinerak eta landareak erostea: 15.000 €
  • Komunikazio-panelak: 10.000 €
  • Antzuola-Aiherra ibilbidearen webgunea: 5.000 €
  • Udalaren protokolozko opariak: 3.000 €

Horrez gain, kontuan hartu behar dira aurreko urtetik datozen bi inbertsio, 2022ko likidazioarekin zehaztuko direnak.

  • Errekaldeko urbanizazioa: 675.000 €
  • Biltegi berriaren erosketa: 210.000 €

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak