'Motxila ibiltariak': familia, eskola eta liburutegia lotzeko sarea

Maider Arregi 2022ko urr. 21a, 09:00

Ekimenaren helburua da eskolaren, liburutegiaren eta familiaren zein etxearen arteko sarea osatzea. Hala, liburutegiarekin lehen hartu-emana izateko asmoz, HH3 eta LH2 arteko haurrak gurasoekin txandaka joango dira liburutegira aurrerantzean.

Abian da Antzuolako Herri Eskolan Galtzagorri elkartearen Motxila ibiltariak ekimena. Ilusioz eta gogotsu jaso dute asteon eskolako neska-mutikoek ekimenaren berri. Adi-adi, aste lehenean, Lur korta dinamizatzailearen eskutik izan dute Motxila ibiltariak-en inguruko argibideak entzuteko aukera.

Ekimenaren nondik norakoak eta xehetasunak zeintzuk diren azaldu du Kortabarriak: "Herri bakoitzeko liburutegietan hainbat motxila daude, eta ikastetxeetatik gerturatzen dira motxila horiek betetzeko asmoz. Motxila horietan liburuak daude gomendio gisara, eta haur bakoitzak aste bakoitzean aukeratzen ditu gustukoen dituen hiru bat liburu etxera eramateko; etxean irakurri ondoren, euren gelakideei erakusten eta kontatzen diete. Ondoren, motxila beste ikaskide bati igarotzen die, hark, modu berean, gustuko liburua aukera eta lan dezan. Modu horretan, 17 ikaskide badira, askotariko liburuak ezagutuko dituzte eta horien inguruan berba egingo dute. Ikasleak bere gustuko gauzak azalduko ditu eta protagonismo unea ere izango du".

Irakurzaletasuna xede

Liburutegira joatea, irakurzaletasuna sustatzea, ipuinak ezagutzea, besteei ezagutaraztea... helburu asko dituela ekimenak nabarmendu du Lur Korta ipuin kontalariak. Ondorio positiboak Antzuolan lehen urratsak egin dituen arren, Motxila ibiltariak ekimena bailaran aski ezaguna da eta dinamikak dakarren onurak asko direla aitortu du dinamizatzaileak: "Haurrak eta familiak liburutegietara eta liburuetara gerturatzeko modua da. Oso ondo funtzionatzen duen ekimen borobila dela uste dut. Egiten dugun balorazioa oso positiboa da. Izan ere, geratatzen da 5-6 urteko haur batek liburutegia ez ezagutzea".

Hala, asteon abiatu dute Herri Eskolako haurrek ekimena. Zehazki, HH3 eta LH2 arteko ikasleendako egitasmoa da, eta astelehenean liburutegiko bisita gidatuan parte hartze ona erakutsi zuten, gainera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak