Lizentzia librearen askatasuna eztabaidagai

Maider Arregi 2022ko urr. 1a, 10:00

Copyright, creative commons eta domeinu publikoaren ertzak aztergai izan dituzte Torresoroan eguaztenean egindako mahai-inguruan. Eskubide guztiak babestuta, bai ala ez? galderari erantzun zioten, besteak beste, adituek, nork bere esparrutik.

Teknologia burujabetzaz eta lizentzia libreez jardun dute Torresoroan, Jabetza pribatutik ezagutza kolektibora izeneko mahai-inguruan. "Teknologia burujabetza lantzeko asmoz antolatutako mahai-ingurua izan da, zeren bazegoen herritarren artean oinarrizko kontzeptuak azaltzearen nahia", azaldu du Ion Lizarazu dinamizatzaileak.

Hala, lizentzia libreen inguruan lanean diharduten lau adituk parte hartu dute: Iban Arantzabal, Tokikomeko presidentea; Iosu Isaias Villanueva, Mukuru kolektiboko kidea; Aiora Mujika, Euskarazko Wipikipedia elkarteko kidea; eta Mikel Larreategi, CodeSyntaxeko software garatzailea. Aztergai, copyright –baimen gabe ezin da erabili–, creative commons –lizentzia librea, aitortza eginda– eta domeinu publikoaren –edonork nahieran erabili dezake– ertzak.

Komunitateari bueltan berriro

Lizentzia libreen eztabaida ez da berria Tokikomeko bazkide den GOIENA. Iban Arantzabalek azal- du du Sustatu jaio zenean GOIENAk CodeSyntaxeko lantaldearekin gaiaz hausnartu zuela: "Internetek ekarri du nagusiki lizentzia librearen eztabaida. Hasieratik argi geneukan komunitatearekin egindako lana berriro herriari itzuli behar zitzaiola. Aitortza partekatzeak onurak ekarri ditu: edukia zabaltzea eta euskarazko erreferentziak sortzea. Hala, gure kasuan, creative commons, aitortu eta partekatu erabaki genuen. Hau da, gure edozein argazki eta bideo saretik jaitsi daitezke eta erabili; trukean eskatzen duguna da zeinena den aitortzea".

Musika eta lizentzia librea

Mukuru kolektiboko Iosu Isasias Villanuevak, ordea, lizentzia libreen beste aldeaz hausnartzeko bidea ireki du: "Mukuru kolektiboa 10-11 proiektuk osatzen dute eta lizentzia librearen eztabaida irekita dago. Egia da naturalki lizentzia libreen alde egin genuela hasieratik. Baina, denborarekin, oztoporen bat etorri da. Hau da, bada kolektiboan musikatik bizi nahi duenik, eta kezkak badira. Musika goi-mailakoendako luxu bilakatuko ote den ardura dago", aitortu du Villanuevak. "Lizentzia librearen alde egiteak ekarri dio musikariren bati bere kantua ibilbidea izan duen film batean agertzea creative commons lizentziapean; hau da, doan".

Auzolana jakintza sortzeko

Euskarazko Wikipedia komunitateak etengabe sortu eta osatzen duen entziklopedia da. "Entziklopedia editatzeko askatasuna izanda geroz eta eremu zabalagora iritsi daiteke. Aberastasuna dakar auzolan horrek, edonork editatu dezakeelako", aitortu du Aiora Mujikak. Gaineratu du esperientziak irakatsi diela onurak askoz gehiago direla. "Askoz ere ekarpen interesgarri gehiago dago jakintza sortzeko aukera hori herritar guztien artean zabaltzen baduzu".

Datuen aroa

Mapen erabilera asko orokortu da sarean. Modu publikoan era- biltzeko aukera eskaintzen du, gainera, OpenStreetMap zerbitzuak. Wikipediaren filosofia bera dauka eta auzolanean oinarritzen da. "Edonork edita dezake, eta kaleak nahiz lekuak gehitu. Baina eboluzioa izan du, eta gaur egun herriko iturriak, mendi tontorrak... nahi den in- formazioarekin eta datuekin osatu dezake edonork", dio Mikel Larreategik. "Era librean banatzen denez, berrerabili egin daiteke eta hor dauden datuekin herritarrek lanak egiteko informazioa erabili dezakete, besteak beste". Era berean, edozein hizkuntzatan editatzeko aukera ere nabarmendu du Larreategik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak