ALBISTEAK

Hamar lagunetik sei mintzo da euskaraz

Maider Arregi 2022ko ira. 23a, 13:27

Soziolinguistika Klusterrak jakinarazi ditu Antzuolako euskararen kale erabilera datuak. Bost urtean behin egiten du Klusterrak kale-neurketa; hala, 2021ean Antzuolako kalean %60koa zela euskararen kale erabilera jakinarazi du

Martitzen arratsaldean, herritarren aurrean aurkeztu zituen Soziolinguistika Klusterrak 2021ean Antzuolan egindako euskararen erabileraren inguruko kale-neurketaren datuak.

Maialen Iñarra Soziolinguistika Klusterreko kidearen esanetan, hamar lagunetik sei ari ziren euskaraz 2021ean: "Antzuolako datuak 2021ean jasotakoak dira, eta Antzuolako datu orokorra edo emaitza nagusia izan da 2021ean herriko kalean %60koa zela euskararen kale erabilera. Hau da, hamar lagunetik sei ari zirela euskaraz".

Datuek, beheranzko joera

Euskararen erabilerak bost puntu egin du behera azken kale-neurketatik, eta bederatzi puntu azken hogei urteetan. "Egia esan, ikerketa hau Euskal Herri mailako ikerketa baten testuinguruan kokatzen da, eta bost urtez behin errepikatzen den ikerketa bat da, eta Antzuolako kasuan ere hogei urteko bilakaera aztertu dezakegu, hain zuzen ere. Beraz, emaitza sendoak ditugu. Azken edizioarekiko beheranzko joera ikusi dugu, zeren Antzuolako kaleetan bost puntu jaitsi baita euskararen erabilera", dio Maialen Iñarrak.

Adinari erreparatuz gero, haurrek 2016ko euskararen erabileraren mailari eutsi diotela ondorioztatu du Klusterrak. Gainerako adin taldeek, aldiz, gutxiago eutsi diote euskararen erabilera mailari, eta beheranzko joera da nagusi talde horietan.

Jaitsieraren kausaz edo zergatiaz galdetuta, ordea, zerk eragin duen beherakada ezin izan dutela jakin aitortu dute: "Ikerketa deskriptibo bat da. Momentuko argazki bat ateratzen diogu Antzuolako kaleko errealitateari, nolabait, herriko hizkuntza paisaia aktibo horri azterketa egin ahal izateko. Gustatuko litzaiguke egoeraren berri ematea, eta, egia esan, herritarrekin batera aztertzea azken bost urteetan zer gertatu zitekeen herrian erabilerak horrelako bilakaera izateko. Azken finean, herritarrak dira bertako errealitatea nik baino gehiago ezagutzen dutenak".

Nola aldatu egoera?

Honenbestez, datuak eskuetan, egoera iraultzeko elkarrekin datuen azterketa egitea beharrezkoa dela dio: "Nire ustez, ikerketa honek parada eskaintzen du egoera eta datuak aztertzeko. Hau da, joeraren deskribapenaren azterketa bat herritarrekin elkarrekin egin, eta zertan hobetu genezakeen pentsatzeko bide ematen duela uste dut".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak