Kros denboraldia amaitu eta mendi lasterketen egutegia hasi zenetik, ia nahieran dabil Ibai Larrea Aranguren mendi lasterkaria. Etxeko lasterketako garaipenetik hasi, eta ohorezko postuak pilatzen dabil antzuolarra; besteak beste, Elgetako Ahuntzen lasterketa eta 23 urtez azpiko Espainiako txapelketa irabazi ditu. Halaber, aipatzekoak dira 20 urtez azpiko munduko txapelketan lortutako bigarren postua zein Antzuola eta Gorla arteko joan-etorria osatzen ondutako errekorra.
Bada, domekan beste garaipen bat gehitu zuen bere palmaresera: Skyrace Comapedrosa. Maila nagusiko kideen artean jarri zen Arinsaleko (Andorra) irteera marran antzuolarra, 24 kilometroko eta 2.375 metro positiboko ibilbidea egin asmoz –19 eta 50 kilometroko beste lasterketa bana ere egin ziren egun berean–. Ibilbide gogor bezain teknikoa zuten aurretik; tartean, Pic de les Fonts (2.748 m) eta Comapedrosako (2.942 m) tontorretatik igaroz.
Nagusi
Euskal Selekzioaren elastikoarekin aritu zen Larrea izan zen helmuga marra zeharkatu zuen lehen lasterkaria, ordu bat, 57 minutu eta 19 segundoko denbora eginda. Hamar minututik gora atera zien atzetik izan zituen aurkariei. Marc Perez Bautista kataluniarra sailkatu zen bigarren (2:08:18), antzuolarrarengandik hamaika minutura; hirugarren, aldiz, Drechou Hugo frantziarra helmugaratu zen (2:11:08), ia hamalau minutura.