Arrolaren mendi ibilbideari omenaldia egin diote, 'Txistu eta kantuz mendira' ekitaldian

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko eka. 11a, 21:50

Arrola Mendi Elkartea 50. urteurrena ari da ospatzen, eta horren baitan egin dute gaurko ekitaldia. Sasoi bateko mendi irteerak nolakoak ziren irudikatu dituzte, Torresoroan, garai bateko argazkiekin nahiz Alborada txistulari taldearen eta abesbatzaren doinuekin. Jose Ramon Vitoriak Arrolarentzat sortutako martxa estreinatu dute; gainera, Jose Inazio Jauregi 'Barberito' txistulariari omenaldia egin diote.

Dozenaka lagun bildu dira, gaur arratsaldean, Torresoroan egin den ekitaldian. Arrola Mendi Elkarteak 50 urte bete ditu aurten, eta ospakizunetan murgildurik daude. Gaurkoan, taldeak eginiko irteerak izan dituzte gogoan, eta horren adierazle izan dira aretoan proiektatu dituzten garai bateko argazkiak. Irudi horiei musika Albora txistulari taldeak eta abesbatzak jarri diete.

Ospakizunetan murgilduta dago Arrola, eta balorazio positiboa egin du Ion Kortabarria elkarteko kideak: "Balorazio positiboa egiten dugu talde bezala, eta antolatu diren ekintza guztietan parte hartzea ona izan da".

Arrolaren ereserkia

Egun berezia izan da Arrolarentzat gaur entzun baita estreinakoz Jose Ramon Vitoria konpositoreak idatzitako Arrola izeneko ereserkia. Ekitaldia baino lehen "pozik" agertu da, "ekitaldia hasi aurretik, gozatzen". 

Martxari dagokionez, "baditu berezitasun batzuk. 50 urteurrenerako bost atal ditu, eta atal bakoitzak erreferentzia egiten dio hamarkada bati. Horrekin batera uste dut mezua dela mendi elkarte batendako ikurrak ze oroimen dituzten, baina baita noruntz goazen, zeintzuk diren hemendik aurrerako erronkak".

Txistulariek jarri diete doinua martxari eta abesbatzak nahiz ikusleek abesteko aukera izan dute. Bittor Arbuluk nabarmendu duenez, "ikaragarrizko ereserkia da, erraza kantatzeko eta erritmo bizia du. Letran guretzat oinarri diren gauza garrantzitsuenak ditu: natura, herria eta poza, esaterako".

Hala ere, Vitoriak azaldu duenez, beste estilo batzuetarako prestatu du: banda osorako eta metal estilorako. Halaber, aurreratu dutenez, herriko jaietan Bergarako bandak joko du ereserkia.

Jose Inazio Jauregi "Barberito"-ri omenaldia

Arrolako txistulari taldearen sortzaile Jose Inazio Jauregi Barberito ere gogoan izan dute Torresoroan. Barberito-ri eta Jose Ramon Eraña Gallastegi euskaltzaleari dago eskainia martxa: "Gogoan izan ditut biak. Ni ere txistularia izan nintzen hainbat momentutan, eta bi pertsona horiek gogoratu nahiz izan ditut In Memorian bezala. Ez dago pertsonarik gabeko elkarterik. Beraz, oroigarri bezala gogoratzea ezinbestekoa da".

Barberito-ren emazte Nekane Astolak eta semeek ez dute hutsik egin. Hunkituta, esker hitzak izan ditu herritarrentzat Astolak: "Berak estimu handia zion Antzuolari, eta berendako hemengo jendea oso berezia zen. Beraz, mila esker guztioi".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak