17.000 euroko laguntza herriko eragileendako

Maider Arregi 2022ko api. 28a, 11:40

Udalbatzak aho batez onartu du Antzuolako kultura eta kirol elkarteendako aurtengo dirulaguntza proposamena. Ohiko osoko bilkuran, besteak beste, mugikortasunaren gaineko mozioa eta Antzuola Lagunkoia izan dute eztabaidagai.

Martitzeneko apirileko ohiko osoko bilkuran aho batez onartu zituzten Antzuolako kultura eta kirol taldeendako dirulaguntzak. Guztira, 17.000 euro bideratuko ditu aurten Udal Gobernuak, eta, hurrenez hurren, Aiastui taldeak 1.400 euro jasoko ditu; AKEk, 4.000 euro; Alardearen Elkarteak eta Alborada txistulari taldeak, bakoitzak 1.900 euro; Ariznoa taldeak, 550 euro; eta Arrolak, 2.000. Lokatzari 350 euroko laguntza bideratuko zaio, eta Oinarini 2.200 eurokoa. Azkenik, kopuru altuena herriko pilota elkartearendako izango da, eta Olaldek 2.700 euro jasoko ditu.

Beñardo Kortabarria alkateak borondate onari aitortza egiteko modua ere badela adierazi du: "Herriaren alde lan egiten duten horiendako da. Diruz kopuru handia ez izan arren, bada, nolabait, onarpen modu bat elkarte eta eragile horien borondateari. Zerbait egiteko diru beharra izan ez dezatela nahi dugu, hain zuzen ere".

Mugikortasuna hizpide

EH Bilduk eta alderdi sozialistak adostutako mugikortasunaren gaineko mozioa ere onartu zuten. EAJ, ordea, abstenitu egin zen; izan ere, Basilio Ormazabal bozeramaile jeltzaleak esan zuen ez dela posible Errepideen Foru Sareko bidesari lotutako tarteetan bildutakoaren zati bat legez itzultzea. Alkateak gaineratu zuen mozio honen bitartez garraio publikoaren erabilera bultzatzea dutela helburu. "Mozioan eskatzen duguna da tarifak merkatzea erabiltzaileei. Nolabait, garraio publikoaren erabilera bultzatu nahi dugu", dio alkateak.

Herri Lagunkoia

Alderdi sozialistak aurkeztutako adineko pertsonekiko lagun- tasuna oinarri duen mozioak, aldiz, ez zuen aurrera egin. EH Bilduk aurkako botoa eman zuen eta alkateak nabarmendu zuen Udalak lagunkoitasuna ez duela mozio bezala ulertzen, baizik eta lan lerro gisa. Eta zailtasunak izan ditzaketen pertsona orori berdintasunean laguntzea dutela xede: "Bozketan emandako ezezkoa ez da ados ez gaudelako alderdi sozialistak mozioan jasotakoarekin. Etorritako proposamenari emandako ezezkoa da, jada Udalak egina duelako bertan jasotakoa. Lagunkoitasuna, gainera, bestelako egoera eta beharretara ere zabaldu eta bultzatzen gabiltza. Hirugarren adineko pertsonek herri batean bizitzeko izan ditzaketen zailtasunak berdintzeko lana, esaterako ".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak