Arira Arkitektura enpresak egin ditu irisgarritasun lanak. Horrekin batera kolore biziagoak ere jarri dituzte hainbat eremutan. Lehen baino erabilgarriago dago orain eraikina, zalantzarik gabe. Arira Arkitektura-ko kide Uxue Arregik eta Iraitz Gastiainek nabarmendu dute historikoa den eraikinari ukitu modernoa eman nahi izan diotela. Egurra, leiho handiak, argiztapena eta zenbait eremutan ipinitako kolore biziak nabarmendu dituzte.
Irisgarritasun lanei dagokienean igogailua da berrikuntza nagusietako bat. Hiru solairuko eraikina da Olaran eta aurrerantzean igogailua izango du. Horrekin batera komun eta ate egokituak jarri dizkiote. Sarrerako atea eta erakusketa gelarako ate, berriz, automatikoak dira. Antzuolako Matz-Erreka enpresak egindako ekarpena dira. "Eraikina irisgarria da orain. Matz-Errekaren aldetik plazer bat da gure ekarpena egitea Antzuolako herriari".
Talde eragile askoren topalekua
Hamar bat taldek dute lekua Olaran etxean. Bertan egiten dira, esaterako, luzaketa zein yoga saioak eta Olaranen dute egoitza musika eskolak, bake epaitegiak, Antzuola Kirol Elkarteak, Idolaz elkarteak edota herriko dantzariek zein txistulariek.
Beñardo Kortabarria alkateak egin ditu gidari lanak irisgarritasun lanek emandakoa erakusteko egindako bisitaldian. Udal ordezkariak eta langileak, erabiltzaileak eta Udalarekin elkarlanean aritzen diren hainbat enpresatako ordezkariak izan dira bertan. Hala nola, Matz-Erreka, Elay, Oerlikon eta Goizper enpresetako ordezkariak. Alkateak herriarekiko duten konpromisoa eskertu die, eta esan du Olaran etxea erabiltzeko prest dagoela. "Gelen banaketa eginda dago. Auzolan saio bat ere egin dugu taldeei materiala ekartzen laguntzeko. Opor ostean zabalik egongo da eraikina eta gustura gaude, bai".