'Arrola 50 urte mendiz mendi' liburua aurkeztu dute testigantzez betetako ikus-entzunezkoaren laguntzaz

Imanol Beloki Unamuno 2022ko mar. 25a, 11:55

Antzuolako Arrola mendi elkartearen 50 urteak ospatzeko antolatu den ekitaldi sortaren barruan, jendaurrean aurkeztu dute elkartearen ibilbidea jasotzen duen Arrola 50 urte mendiz mendi liburua. Torresoroan egindako aurkezpenean, testigantzez betetako ikus-entzunezkoa izan zuten osagarri.

Iñigo Ramirez de Ocariz liburuaren egileak gidatu zuen saioa, eta liburua aurkezteko, osagarri gisa, ikus-entzunezkoa ere erabili zuen Arrolatik pasa diren zenbait kideren testigantza hunkigarri eskainiz.

"Liburuan aurkezten dena aurkezteko ikus-entzunezkoa erabili dugu. Arrolatik pasa direnen testigantzak modu kronologikoan egin dugu argazkiak ere erakutsiz. Gertaeren arabera antolatu ditugu atal ezberdinak; agian, ulergaitzena lehenengoa da. Hau da, 1972an zergatik eta nola sortu zen mendi elkartea adierazten da, garai artako testuinguru sozio-politiko-kulturala azalduz. Hala, datorrena ondo azaltzeko. Hau da, Arrolak garatu dituen ekintza eta jarduera ezberdinak."

Iñigo Ramirez de Ocariz, Arrola 50 urte mendiz mendi liburuarekin.

Eguneko irteerak eta hainbat egunetakoak, kanpaldiak, urteberri eguna, Argi Lekura eta Leizargaratera egindakoak, Finalista eguna… izan zituzten berbagai Arrolako kideek ikus-entzunezkoan. Eta argi utzi zuten, kirola egiteko talde bat izateaz gain, hori baino gehiago dela eta izan dela Arrola.

Kirola baino askoz gehiago

"Umetatik hasi ginen mendi bueltak egiten, eta zaletasuna sartuta, jarraitu dut. Pirinioetako irteeretan, zuzendaritzan ere izan nintzen, eta oso pozik. Adin ezberdinetako jendea batera joatea mendira, giro ona, jendea ezagutzea… asko disfrutatu dut nik Arrolan", adierazi zuen Maripi Laskurainek, Arrola mendi elkarteko kideak.

'Arrola 50 urte mendiz mendi' liburua.

50 urtetan egindako irteera ezberdinak gogoratzeaz gain, Antzuolako txistulari elkartearen sortzailea ere izan zela Arrola azpimarratu zuten mendi elkartearen sorreran egondakoek.

Txistulari elkartearen sorrera

"Kanpaldiak eta irteerak gogoan ditut, eta jende asko ezagutu genuen mendian. Oroitzapen oso onak ditut, eta denboraren poderioz asko aldatu den arren, jarrai dezala taldeak. Ni, juntako kide izan nintzen, eta urte guzti hauetan irteera asko antolatu ditugu. Txistulari taldea ere Arrolak sortu zuen, eta oraindik ere jarraitzen du Antzuolan…", adierazi zuen Begoña Letek, Arrola mendi elkarteko kideak.

50 urtetako errepasoa egiteaz batera, eta bilakaera bat izan dela azpimarratzeaz gain, gizartean gertatzen ari diren aldaketetara egokitzen jakin duen elkartea dela nabarmendu zuten.

Auzolanean oinarrituta

Ramirez de Ocarizek adierazi duenez, auzolanean egindako lana da liburua: "Jende askoren beharra izan dut liburu honi eta ikus-entzunezkoari forma emateko. Dokumentuak lortu ditut, argazkiak, nik idatzitakoa jendeak aztertzea eta gehigarriak edo zuzenketak egitea…".

Arrola kirola baino gehiago da. Une honetan ez dugu bizi hain garai ona, eta egokitzen ari gara gizartean gertatzen ari diren aldaketetara. Orain arte egin dugun ibilbidea esaldi baten laburbildu behar banu, honakoa adieraziko nuke: Garai ezberdinetara ahalik eta ondoen egokitu den elkartea da", adierazi zuen Ramirez de Ocarizek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak