Blanca Carrasco: "Emozioak azaleratzeko tresna da gure gorputza"

Maider Arregi 2022ko mar. 11a, 09:00

Nork bere gorputza ezagutu eta entzun dezan, dozena bat ikaslerekin jardungo du bihar, zapatua, Blanca Carrasco dantzari madrildarrak. M8ko ekimenen baitan antolatutako ikastaroa da.

15 urte daramatza Antzuolan Blanca Carrasco dantzari eta aktore profesionalak. Euskal Herrian dantzari, koreografo nahiz aktore moduan hainbat proiektutan parte hartu du. Irakasle lanetan ere badihardu; Bergarako Camden Town akademian, besteak beste.

Dantzaren bitartez gorputza bestelako modu batean adierazi daitekeela diozu.

Bai, noski. Gorputza espresatzeko tresna bat da; garraiobide bat. Gure espresioa hizkuntzara mugatzen dugu maiz, eta ahaztu egiten zaigu gorputza ere sentimenduak adierazteko tresna dela. Gainera, egiatik lan egiten duen garraiobidea da. Izan ere, adierazi nahi dugunaren arabera, hitzak apaindu egiten ditugu. Baina gorputza ardatza den lanetan ezin dugu itxurakeriarik egin, gorputzak egia esaten baitu. Eta horrek badu ere osagai terapeutikoa.

Biharko dantza tailerrak badu osagai hori, ezta?

Bai; nik ez ditut dantza terapia eskolak ematen, baina biharko ikastaroak badu faktore terapeutikoa, zeren norberak dituen bestelako jarrerak adierazten laguntzen digu, eta bestelako gauza batzuk lantzen laguntzen du. Biharko dantza tailerra, konkretuki, Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan antolatua da, eta dantzatik emakumeen gorputzek diotena kontatzea da asmoa.

Gorputz espresioaren bitartez emakumeek beren istorioa kontatuko dute, beraz.

Emakume bakoitzak bere ibilbidea dauka egina eta gainditu beharreko oztopoekin istorio propioak. Azkenean, badakigu emakumea izateak dakarrela ginkana estilora bizitzea. Horregatik, barrura begira jarriko gara eta bakoitzak esaldi edo gainditu –behar– duen oztopo bat idatziko du. Inprobisaziotik landuko dugu, eta gero, nik gidatutako dantza teknika bidez taldekako koreografietan landuko ditugu erronka horiek. Talde sorkuntza bat egingo dugu bata bestearengandik jasotako edukiarekin.

Indarrak batuta, bat izatearen sentsazioa, alegia.

Hori da; interes handia daukat tribu izatearen sentsazioan, talde energian eta babestua eta ahaldundua sentitzean.

Gorputzak dioskuna ere entzun behar dugu, ala?

Oro har, gutxi entzuten zaio gorputzari. Dantzan asko lantzen dugu gorputza entzuteko teknika. Lankideekin lan egitean, bestearen gorputza entzuteak daukan garrantziaz jarduten dugu. Entzuteak sentitzen dugunarekin eta bestearen gorpuaren erantzunarekin zerikusia izatea, alegia. Askotan, esparru emozionalean zerbait ondo ez doanean, gorputzak seinaleak ematen ditu eta entzun egin behar zaio. Gutxi egiten da, baina belaunaldi gazteek landuagoa dute arlo hau. Nagusienei, aldiz, gorputza landu ez dutela igarri egiten zaie.

Adin askotariko ikasleekin lan egiten duzu.

Camden Town akademian ematen ditut eskolak, bai ballet klasikokoak, eta baita dantza garaikidekoak ere. Askotariko jarduerak lantzen ditut 5 eta 65 urte arteko emakumeekin. Egiari zor, gizonezko gutxik ematen dute izena, baina, pixkanaka, hasiak dira animatzen.

Dantzarekiko sentsibilizazioan ereiten duzu.

Herritarrak dantzara eta horren une latza bizi duten arte eszenikoetara gerturatzea nahi izaten dut. Dantza kontsumitu dezaten eskatzen diet ikasleei; nire hel- burua dantza herrira gerturatzea da, eta horretan ahalegintzen naiz. Bihar, hamarretan hasita, dozena bat emakume batuko gara Torresoroan gorputza hobeto ezagutzeko eta entzuteko [izen-ematea itxita dago].

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak