Nola hartu zaituzte herritarrek?
Emakumea naizen aldetik, ez dut aparteko arazorik izan; esango nuke ondo hartu nautela, eta hasiera-hasieratik integratuta sentitu naiz. Nola deitzea nahi nuen ere galdetu zidaten: aguazil edo la aguazil; kar-kar.
Aguazilak brigadako lanak ere egin behar ditu. Ondo moldatu zara?
Aguazil lanetan baino gehiago, brigadako lanetan igarri dut nirekiko zalantza hori. Lankideak gizonezkoak izaki, noiz edo noiz galdetu didate ea gai izango naizen lanen bat edo beste egi- teko. Nik beti esaten diet: "Zu gai bazara, ni zergatik ez?".
Kale garbitzaile lana, ordea, gizonezkoen zeregin gisa hartua izan da.
Udaletan lanean hasi nintzenean, kale garbitzaile lana gizonezkoen lana zela esaten zen. Indarrarekin erlazionatzen zen orduan kale garbiketa. Baina indarra baino gehiago, teknika kontua da, eta ogibidea ondo ezagutzea. Lurra garbitzea, gainera, emakumeekin lotu izan da... Alde horretatik, harritu egin nintzen. Brigada lanerako nahiz aguazil izateko, indarra baino gehiago, ogibidea ezagutzea da gakoa.
Udaletan aldaketa badator. Antzuolan, brigadan emakumeak daude lanean.
Gaur egun, nolabaiteko babesa ematen zaie emakumeei. Oposizioetan ere balioa ematen zaio eta puntuatu egiten da. Indarkeria matxista kasuetan ere aintzat hartzen da. Instituzioen aldetik hasiak gara emakumeen aldeko jarrerak ikusten. Antzuolan geroz eta emakume gehiago ikusten dira brigadan lanean. Demostratzen ari gara ahal dugula, eta zergatik ez? Sasoi batean, Ertzaintzan nahiz udaltzain izateko oso emakume fuerteak ikusten ziren, eta ez da indarrik behar. Zorionez, emakumeok bestelako sentsibilitate bat ematen diogu ogibideari; gizonezkoek eman ezin dezaketen beste balio erantsi bat ematen dio polizia lanbideari. Enpatia edo sentimendu horrek talde lanean jarduten laguntzen du, eta taldea osatzen du modu oso positiboan. Emakumeek badituzte balio batzuk agian gizonezkoek ez dituztenak landu edo gizarteak ez dizkienak utzi garatzen. Emakumeok, aldiz, balio horiek baditugu eta lantaldearen osagarri dira.
Obretan ere lan egindakoa zara.
Bai, eta ez naiz inoiz gutxietsita sentitu. Gainera, soldata arrakalarik ere ez dut sumatu, gizonezkoen berdina kobratu izan dut eta.
Atzerrian lan egin duzu; kultura aldaketarik igarri duzu?
Bai. Errumanian lan egin nuen, eta ikusten da pentsaera atzerakoiagoa dutela. Hemen, lan asko egiteko dagoen arren, geroz eta urrats gehiago egiten ari dela gizartea esango nuke.