Emozioetatik abiatuta, barrua sentitzeko saioak

Maider Arregi 2022ko ots. 16a, 13:30

Alaine Agirre idazle bermeotarraren gidaritzapean, abian da Antzuolako irakurketa kluba. Oraingoz, zazpi lagunek hasi dute ibilbidea, baina talde irekia da, eta, literaturarekiko zaletasunaz harago, emozioak ere elkartrukatzea du xede ekimenak.

Irakurketa kluba abian jarri berri dute asteon Antzuolan. Alaine Agirre idazle bermeotarra izango dute bidelagun eta saioetako gidari-lanetan. Lehen hartu-emana eginda, zazpi laguneko talde irekia osatu dute, eta jada hasiak dira bidea egiten. "Ideia da denon artean eta bere bidea egingo duen taldea sortzen joatea. Bakoitzak erabakiko du nola egin nahi duen bide hori. Niretzako oso garrantzitsua da irakurketa irakurleengana bideratzea hauen gustuak eta interesak kontuan hartuta; egin ahala egingo dugu bidea, alegia", kontatu du Alaine Agirre dinamizatzaileak.

Askotariko liburuak

Poesia nahiz eleberria, nobedadeak edota klasikoak izango dituzte esku artean. Proposamen irekiak jasoko dira, ordea, irakurleen taldean, helburua irakurketaz gozatzea dela nabarmendu du-eta Agirrek: "Motxila bete-betea ekarri dut hainbat libururekin. Baina, batez ere, eleberriak ekarri ditut, ohartuta bainago gusturen irakurtzen direla. Nobedadeak ere ekarri ditut, bai, baina ez ditugu soilik nobedadeak irakurriko, taldea edozein proposamenetara irekia baitago. Hasi, baina, Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala eleberri berriarekin hasiko gara. Taldea entzuteko, aldiz, prest eta gogoz nago".

Emozioekin konektatu

Idazle bermeotarrak argi du irakurketa prozesuan emozioekin konektatzea gakoa dela, eta bidea plazeretik egin behar dela, alegia. Eta horretarako, literaturaren aitzakian, irakurketa klubak gune ezin hobeak direla aitortu du: "Irakurketarekin atxikimendua lortu nahiko nuke. Taldeak oso anitzak izan ohi dira, eta askotariko egoerak daude: oso irakurleak direnak, baina ohitura galdu dutenak eta berriro berreskuratu nahi dutenak, euskaraz irakurtzea kostatzen zaienak, zerbait berria probatu nahi dutenak, oso irakurleak ez direnak... Denetarik dago eta guztiengana egokitzea da nire asmoa. Nik neuk nahi dudana da irakurketarekin norbanakoak barruarekin konektatzea, eta gustura irakurtzea ondoren, hortik eraikitzeko. Horrek ez du esan nahi adimena ez dugunik elikatzen. Auto-exijentziatik, diziplinatik eta elitismotik ez dut uste ezer lor- tuko dugunik. Uste dut plazeretik abiatu behar dugula eta argi dago gozatzen ari garenean ikasi egiten dugula".

Elkarren arteko irakurketak aberastu egiten du eta elkarreraginez asko ikasten dela gaineratu du idazleak: "Literatura aitzakia hartuta bizitzaz berba egiten hasten gara, eta harreman berriak jaiotzen dira. Zoragarria da irakurketa talde batean ego- tea, benetan asko ikasten da irakurketaz. Idazle moduan bizi izan dut liburu berri bat idatzi izan dudan aldiro; izan ere, li- buru hori mila aldiz berridatzi da, saioetan irakurleek euren zentzua eman baitiote. Nik ere inoiz pentsatuko ez nukeen zentzua ematen diote. Irakurle modura ere esperimentatu dut hainbatetan eta, norberak egin duen irakurketa besteekin elkarbanatuta, irakurketa aberastu eta osatu egiten dugu. Biziki gomendatzen dut, baita oso literatura-zaleak ez direnendako ere. Proba egin eta etor daitezela lasai asko".

Bigarren saio irekia

Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala eleberriak norbanako bakoitzari eragindakoaz hausnartzeko beste saio bat egingo dute. Taldeak hala adostuta, apirilaren 7an elkartuko dira berriro, liburutegian, 18:30ean. Taldea irekia da eta herritar orok dauka etortzeko aukera: "Azpimarratu nahiko nuke ez dagoela jarraitzeko edo saio guztietara etortzeko –eta ezta liburua osorik irakurtzeko– beharrik edo konpromisorik. Saioak irekiak dira edonorendako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak