2.929.627 euroko aurrekontua onartu du Udal Gobernuak

Maider Arregi 2021ko abe. 29a, 12:42

Abenduko ohiko osoko bilkuran onartuta geratu dira 2022rako Antzuolako Udal aurrekontuak. EH Bilduren aldeko botoekin onartu dira. EAJk eta PSEEk aurkako botoa eman dute.

Datorren urterako aurrekontua, 2.929.627 eurokoa, iazkoa baino zertxobait handiagoa da. Foru funtsak ere igoera izan du –milioi bat eta seiehun mila euro ingurukoa– eta KPIaren %2ko igoera ere badute udal zergek. Hala, aurrekontu orekatua eta errealista dela adierazi du Beñardo Kortabarria alkateak. Herriko hainbat eragile eta taldeen beharrei erantzuten diena, alegia.

Desadostasuna

EAJ eta PSEE alderdiek desadostasuna erakutsi dute. Basilio Ormazabal jeltzaleak aurrekontu kontinuistak direla deritzo, eta Miren Gallastegi sozialistak ez dagoela Udal Gobernuarekiko feedback-ik adierazi du. Ideia eta proiektu asko garatu eta egin gabe geratzen direla dio. Ildo horretan, Ormazabalek ere udala "geldi" dagoela deritzo.

150.000 inbertsioetarako

150.000 euro izango ditu Antzuolako udalak inbertsioak egiteko. Baina alkateak nabarmendu du berez, inbertsiotarako gaitasun handiago dagoela. Izan ere, oraingoz aurrekonturik ez duten Errekaldeko proiektuarekin lanean badabiltza; eta baita ere ura eta energia kudeatzeko proiektuarekin. HAPOAren gauzatzeak ekarri ditzakeen egokitzapenen zain ere badago udala. Proiektu horiek ekarri ditzaketen lanak gauzatzeko gerakinaz baliatuko direla adierazi du. Gerakinaren erabileraz, ordea, ez dator bat EAJa eta uste du aurrekontuetan hainbat inbertsio egiteko erabili beharko liratekeela: "Uste dugu gerakina aurrekontuetan sartuta egon beharko litzatekeela, eta ez azken momentuan erabili".

Alkateak azaldu du udal aurrekontuen legearen arabera gerakina ezin dela aurrekontuetan sartu. "Aurreko urteko diru kontuen likidazioa egin ostean dago gerakina zuzen erabiltzeko aukera. Bestela, Diputazioan baimena eskatu behar da".

Jarraipeneko aurrekontuak

Beñardo Kortabarria alkateak esan du ildo berean, proiektuari jarraipena emateko aurrekontuak direla. "Gure helburua jarraipeneko aurrekontuak egitea izan da. Lehengo bideari eutsiz, energia berriztagarrietan eragitea, arazoak dituzten auzoei irtenbidea ematea eta kultura giroa sustatzea eta herritarrei poza transmititzea; eta nola ez, Gizarte Zerbitzuak indartzea".

Inbertsio eta proiektuak

2022rako egingo diren inbertsio eta lanen artean azpimarragarriena Ibarrondo auzoan egingo den berrurbanizazio lanak daude (150.000 euro).

Udal Gobernuak hartutako konpromisoen inguruan, kultura indartzearena ere badago, eta asmoa da hilero 3.000 euro inbertitzea kultura ekintzetan. Kulturaren alorrak, 30.000 euroko aurrekontua du. Eta herriko jaietarako 45.000 euro bideratuko dira.

Aurten gainera, Oinarinen jantziak berritzeko, Arrolak 50. urteurrena antolatzeko eta Alardeak eskuartean daukan komikia egiteko, bakoitzari, 6.000 euroko laguntza emango zaie.

Eskolako teilatua ere oso egoera txarrean dago eta 80.000 euroko partida izango du; 20.000 euro, aldiz, Kalebarrenen kamerak jartzeko izango da.

Nobedade gisa esan, udalekuak eta gazte txokoak elkarlanean jardungo dutela datorren urtean, eta 51.000 euro bideratuko dira. Etxez etxeko zerbitzua ere indartu egingo da, eta ia 146.000 euro bideratuko dira; iaz baino 20.000 euro gehiago.

Euskara indartzeko ekimenak ere aintzat ditut udalak eta 10.500 euro bideratuko dira umeengan euskara bultzatzeko eta euskara ikastaroak sustatzeko.

Antzuolako Berdintasun diagnosia ere eginda dago, eta identifikatutako gabezia horiei aurre egiteko 10.000  euro bideratuko dira, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak