23. urteurrena kide berriekin ospatu dute

Maider Arregi 2021ko aza. 12a, 11:07

Pandemiak eraginda ia bi urtez geldi egon da Anelkar elkartea. Osasun egoera hobetu dela ikusita, elkarteak berritze prozesuari berrekin dio. Eguazteneko batzar orokorrean jakinarazi zuen elkarteak hiru kide berri izango dituela etapa berri honetan.

1998ko azaroaren 10ean jaio zen Anelkar ofizialki, orain dela 23 urte. Hala ere, 1993az geroztik, Juan Antonio Lizarralde apaiza bazebilen Brasilera laguntza ekonomikoa bideratzen bere lagun kuadrillari eta familiakoei esker. Guztira, 23 urtean, 483.635 euro batu ditu elkarteak, eta, Brasilgoaz gain, hainbat herrialdetara bideratu dute laguntza: Kongo eta Senegalera; Saharara, Lesbosera... Udal, erakunde zein norbanakoen laguntza eskertu nahi izan dute, eta Kristina Bakaikoa eta Andres eta Bittor Arbulu anaia kooperanteen lana txalotu. "Oso eskertuta gaude urte hauetan guztietan elkarteak jaso duen laguntzagatik. Brasilen hasi, eta Kongo eta Senegalera ere zabaldu da elkartearen boluntario sarea. Gainera, laguntza zuzenean iritsi da proiektuetara gure kooperanteen bitartez", dio Jabi Etxaniz elkarteko kideak.

Hezkuntza eta auzolana ardatz

Argi dute hezkuntzaren eskutik etorriko dela aipatutako lurraldeen garapena. "Epe luze eta ertainera, hezkuntza izango da herrialde horien garapena bultzatzeko tresna. Hezkuntzaren bitartez etorriko da aldaketa", adierazi du Etxanizek. Kontxi Laskurain kideak, berriz, nabarmendu du Brasilen Lizarraldek emakumeak ahalduntzeko sortutako kooperatiba. "Brasilera Juan Antoniok auzolanaren filosofia eraman zuen. Hainbat lan egin ziren eskolak eraikitzen, esaterako, baina azpimarratu nahi nuke emakumeen ahalduntzearen alde egindako lana. Juan Antoniok komunitate izaera berreskuratzeari garrantzi handia eman zion". Eta Kongon eta Senegalen ere ildo berean hezkuntzan indartzea izan zuten gako. "2000. urtean, Kristina Senegalera joan zen. 2002an gurekin jarri zen harremanetan. Afrikak aurrera egin dezan garbi zeukan emakumeak heztearen ondorioa izango zela. Hainbat eskola egin dituzte, bai umeendako eta baita emakumeendako barnetegiak ere –17- 25 urteko neskak–. Helburua da 15 urterekin ez daitezela ezkon- du eta, ondorioz, hezkuntza alboratu. Arbulu anaiek ere lan ikaragarria egin dute azpiegitura eta eskola eraikitzeko lanak bideratzen".

Belaunaldi aldaketa

Elkarteko ordezkariak batzar orokorrean pozik agertu dira; izan ere, hiru boluntario berri izango ditu aurrerantzean. Hala, Juanita Zabalo, Mariano Urrutxi, Ana Loidi eta Kontxi Laskurain elkartetik irtengo dira; baina lanerako prest daude Josune Iturbe, Lander Domingez eta Andoni Iparragirre. Etxanizek aitortu du aurpegi, ilusio eta lanerako grina duten gazteen beharra zeukala Anelkarrek. Josune Martinezek gogotsu har- tu duela erreleboa azaldu du: "Taldearen aldaketa komeni zen. Kooperante moduan ibilita nago eta bizipen hori eduki izanak balio izan dit horrelako proiektuetan sinisteko, eta egiten du- ten lana beharrezkoa dela ohartzeko".

Lesboserako laguntza bonuak

Anelkarrek bat egin du Zaporeak elkartearen kanpainarekin. "Neguko arropa batzeko kanpainari laguntzeko, bonuen salmenta jarriko dugu martxan. Kanpa- lekuetan ez dago arroparik, ezta ere oinetakorik. Hala, antzuolarrek laguntza bonuak erosteko aukera izango dute, eta ba- tutako dirua Anelkarrek Zaporeak elkartearen kanpaina babesteko erabiliko du. Bonuak azaroaren 12an eta 13an 18:00eta- tik 19:00etara eta azaroaren 14an 12:30etik 13:30etara jarriko ditugu plazan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak