Goienak astez aste biltzen dituen datuetan ikusi daitekeen bezala, hilaren 18tik 24rako astean ez zen COVID-19ari lotutako kasu positiborik izan Antzuolan, eta 0,00koa zen intzidentzia metatuaren azken 14 egunetako tasa. Alta, eta Eusko Jaurlaritzak datu ofizialak astelehenean argitaratzen dituen arren, herritarren abisuen bidez hainbat kasu atzeman zirela ohartarazi zuen pasa den ostegunean Goienak.
Bada, azaroaren 1eko datuak eskuan, 9 izan ziren urriaren 25etik urriaren 31ra bitarte Antzuolan atzemandako kasu positiboak. Zehazki, astearte eta asteazkeneko kasu bakarren ostean, ostegun eta ostiralean etorri zen goraldia; 3 eta 4 kasu zenbatu ziren, hurrenez hurren. 413,03ko intzidentzia metatuarekin, bailaran eremu gorrian dagoen herri bakarra da uneotan.
Ostegunean argitaratu bezala, asteazkenean jantokian bazkaltzen duten Antzuolako Herri Eskolako ikasleek baheketa batean hartu zuten parte prebentzio neurri gisa. Eskolako arduradunek jakinarazi zutenez, "gastroenteritis kasuak zirelakoan hasitakoa COVID-19aren baheketa batekin amaitu da, baina atzo [asteazkenean] egindako probetan, bederen, ez da kasu positiborik atzeman".
Hala ere, herrian emandako kutsatzeen ondorioak jasan zituzten eskolan. Izan ere, "hainbat ikaslek eta irakasleren batek" positibo eman zuten, eta ikasgela bat itxi beharra izan zuten, besteak beste.