%2ko igoera izango dute udal zerga ordenantzek

Maider Arregi 2021ko urr. 27a, 12:54

EH Bilduren aldeko sei botoekin onartu dira 2022ko ordenantza fiskalak. Eusko Alderdi Jeltzaleak abstentzioa bozkatu du eta alderdi sozialistak bozketan parte hartzeari uko egin dio "informazioa denboraz aztertzeko eskura ez izana" iritzita.

 

Martitzeneko ohiko osoko bilkuran, 2022ko ordenantza fiskalak onartu zituen Udal Gobernuak. Hala, zerga ordenantzek %2ko igoera izango dutela argitu zuen Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak: "Ikusita KPIa abuztuan %3,3an zegoela, eta jada %4a ere gainditu duela, bada, uste dugu herritarrendako zama potoloa izan daitekeela igoera hori. Gainera, udalaren egoera ekonomikoa ez da txarra eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko gai da. Hori guztia kontuan hartuta, KPIaren igoeraren erdia igotzea adostu dugu: %2a, hain zuzen ere". Alkateak gaineratu zuen horrelako erabaki batek herritarren bizi kalitatean eragin zuzena duela: "Logikoena izango litzateke KPIaren igoera aplikatzea inork gal ez dezan, baina guri iruditzen zaigun ziurgabetasun egoera honetan ez dakigula zer etorriko den. Hau da, oraindik ez dakigu pandemiak zein eragin ekonomiko ekarriko duen; gainera herriko enpresa bat nahikoa lanekin dabil. Horrelako erabaki batek jendearen bizi kalitatean eragin zuzena dauka, eta, udala dagoen moduan egonda, uste dugu %2ko igoerarekin nahikoa izango dela".

Terrazen tasa berrezarri

Osasun neurriak aldatu egin dira, eta horregatik, 2022ko urtarriletik aurrera, terrazen zerga %100ean ordaindu beharko dute herriko ostalariek. "Oraingo osasun neurriekin tabernek edukiera osoarekin lan egiteko aukera dute; beraz, filosofia da lur-zoru publikoa okupatzen baduzu, eta hori baliatuta onura ekonomikoa ateratzen baduzu, tasa ordaindu egin behar duzula".

Sozialistak bozketari uko

Miren Gallastegi sozialistak protesta gisa bozketan parte hartzeari uko egin zion: "Osoko bilkura aurretik informazioa garaiz eta eskura izatea ezinbestekoa da gaiak ondo azter ditzagun. Funtzionamendu egokia nahitaezkoa da demokrazian. Gainera, bada udal lege bat aniztasun politikoaren printzipioa dakarrena, eta udal honek ez du betetzen; errespetu falta da. Eskatzen dudana da dokumentazioa garaiz jasotzea eta bi hizkuntzatan. Bete ez denez, ez dut parte hartuko gaurkoan".

Alkateak zehaztu zuen giza akatsa gertatu zela, eta atzokoa izan zela lehen aldia sei urtetan osoko bilkurako informazioa 48 orduko epean jaso ez zutena. "Alderdi sozialistako ordezkaria ez zen  iraileko ogasun batzordean izan, eta han, sakon sartu barik, gaiaz berba egin zen. Gero, iraileko osoko bilkuran ikusita gehiago landu nahi zutela, hilabete atzeratzea erabaki genuen. Urrian ere egin dugu batzordea, sakonago aztertzeko ordenantzak, eta Gallastegi hor ere ez da egon", argudiatu du alkateak.

EAJk abstentzioa

"Alderdi sozialistak esandakoarekin bat egiten dugu. Inolako dokumentazio gabe ordenantza fiskalak onartzea nahi izan zuen EH Bilduk iraileko osoko bilkuran. Hilabete atzeratu zen, eta tarte horretan, ogasun batzordea egin dugu. Gure ekarpenak onartu egin dituzte eta horregatik ez dugu aurkako botoa eman. Izan ere, funtzionarioen soldata %2 igo da, eta igoera hori eskatzen genuen. Baina informazioa falta zitzaigun, zaborraren tasak izango zuen igoera, esaterako", kontatu zuen Basilio Ormazabalek.

Udal gobernuak, bestalde, EAJrekin hilero-hilero, ogasun batzordean zergak aztertzea adostu duela adierazi du.

Kultura eta kirol taldeak

Martitzeneko ohiko osoko bilkuran aho batez onartu ziren herriko kultura eta kirol taldeei diruz laguntzeko proposamena. Hala, 2021erako, guztira, 17.000 euro bideratuko dira kultura zein kirol elkarteetara. "Kirol taldeen artean 11.000 euro banatuko dira aurten, eta kultura taldeen artean 6.000 euro. Sormen Batzordean parte hartu zutenen artean aho batez onartu zen aipatutako laguntza bideratzea", argitu zuen Garazi Larrea zinegotziak. Hala, COVID-19ak baldintzatutako 2021eko hitzarmena, orain sinatuko dute. Datorren urtekoa, berriz, urtarrilean egingo dela adierazi zuen Larreak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak