"Euskal Herriko bidezidorren lehen jaialdia da Puntaik Punta. Debagoienak bidezidorren eskualdea izan nahi du eta era berean, natura, osasuna, kirola eta turismoa uztartzea. Mundumirarekin alderatzeko ohitura dago, eta esan nahi dugu jaialdi honen oinarria mendi ibilaldiak direla eta hau osatzeko antolatutako kultura ekintzak zein azokak", adierazi du Debagoieneko Mankomunitateko Turismo teknikari Ana Herizek.
"Pandemiak eragindako etenaldiaren ostean, 2020an egitekoa zen jaialdia egingo da hilaren 18tik 24ra bitartean Antzuolan. Egoera hobea da, eta badirudi egoera kontrolatuagoa dagoela. Horregatik egingo da orain Puntaik Punta jaialdia. Hala ere, beldur gabe etortzeko, baina zentzuz jokatzeko eskatu gura diet herritarrei. Guretako erronka bat da eta espero dugu dena ondo joatea", adierazi du Beñardo Kortabarria alkateak. "Zirkulazioan eragina izango du jaialdiak, eta herriko lantegietako aparkalekuak erabiltzeko eskaera egingo dugu. Horrez gain, garajea duten herritarrek autoa garajean sartzeko eskaera ere egin nahi diegu", gaineratu du alkateak.
50.000 euro inguru bideratu dira jaialdia gauzatu dadin. "Debagoieneko Mankomunitateko Turismo saila da jaialdiaren antolatzailea, Antzuolako Udalarekin batera; Jaurlaritzako eta Aldundiko turismo sailek ere diruz lagundu dute jaialdia", argitu du Herizek.
Bidezidorren irteerak
Bidezidor gidatuen eskaintza zabala izango da Puntaik Punta jaialdian. Distantzia eta zailtasun desberdinetako eta adin tarte zabal batera egokitutakoak izango dira; bailarako hainbat herrietan egingo dira.
Kultur jarduerak
Urriaren 18an, Mendifilm emanaldia izango da; ondorengo filmak eskainiko dira: Aterpean ateri, Myrtle Simpson: A life of ice eta The Great Peak. Urriaren 19an, berriz, Bizitza osoa sokada baten emanaldia eskainiko dute Pou Anaiek eta urriaren 20an, Mikel Lizarraldek Esklerosi anizkoitza kirola eta bizipoza hitzaldia eskainiko du.
Bisita gidatuak
Urtean zehar ere Debagoieneko eskaintza turistikoa zabala da, eta egun horietan ere aukera dago Bergarako Laboratorium Museoa, Leintz Gatzagako Gatz Museoa, Oñati-Arrikrutz kobak, Aizkorri-Aratz Parke Naturala.... ezagutzeko.
Haurrendako emanaldiak
Haurrendako ere gune berezia egongo da: oreka tailerra, ohe elastikoa, kutxen dorrea, Irrien Lagunen emanaldia, txotxongilo tailerra...
Naturaz gozatzeko jarduerak
- Espeleo-abentura eta espeleo-txiki Arrikrutzen.
- Baso bainuak
- Izarrak ikusteko ibilbidea
- Hegaztiak behatzeko tailerra
- Pottokaren oinatzak ezagutuz ibilaldia
- Bertako ekoizleen lana ezagutzeko aukera: Gomiztegi eta AMATXO proiektuen bidez
Musika emanaldiak
Pello Heriz eta Leire Etxezarreta, Patxi Luque, Skabidean, Iñaki Mata, Hezur Beltza, Neomak, Kilima, Sara Zozaya, Sweet Barrio, Lekeitioko deabruak...
Azokak
Antzuolako erdigunean bertako artisauen eta bidezidor azokaz gozatzeko aukera izango da. Oraindik azoketan parte hartzeko izena eman dezakete artisau eta ekoizleek.