2017ko ikasturtean eskaini zuen azkenekoz Antzuolako KZguneak ikastaroa. Izan ere, 2018ko ekainaren 3ko uholdeen ondorioz, Torresoroa eraikinak jasandako txikizioak bete-betean eragin zuen KZguneko zerbitzuan. Ondoren, pandemiarekin, ikastaroen etenaldia luzatu egin da.
Ikasturte berri honetan, aldiz, KZguneak Gipuzkoako herri txikietan zerbitzua emateari ekin dio; tartean, Antzuolan. "Iurretan eta Antzuolan hasi gara ikastaroak eskaintzen, eta berriro pixkanaka martxa hartu nahian gaude", adierazi du Eneritz Orobengoa dinamizatzaileak. Hala, bi hilean behin eskainiko du zerbitzua –09:00eta-tik 13:00etara–.
Liburutegiko arduradun Lierni Legorburuk aitortu du Torresoroa berrituan KZgunearendako propio egokitutako gunea eginda zegoela, eta, nolabait, normaltasunera itzultzeko gogoa sumatzen zutela herrian: "Torresoroako obra amaituta, KZgunearendako txokoa gertu geneukan, herritarrek erabiltzeko prest".
Online tramitazioek gorakada
Pandemiaren ondorioz, tramitazio digital gehiago egiten dira, eta mugikorreko aplikazioen erabilerak ere nabarmen egin duela gora aitortu du dinamizatzaileak: "Ordenagailuko programa ezberdinez galdetzen digutenak asko dira oraindik ere, baina mugikorraren erabilerak gorakada izan du. Aplikazioak instalatzen laguntzeko eskatzen digute; baita sare sozialetan murgiltzeko ere. Orohar, gailuei etekina atera gura diete erabiltzaileek. Pandemiaren ondorioz, tramite asko online egin behar dira orain, eta esango nuke geratzeko etorri direla. Gainera, dena horretara bideratuta dagoela ikusten da jada; hau da, trenera igo edo galdu. Ez dago atzerapausorik". Nagusiki erretiratuak gerturatzen direla esan du, baina pandemia garaian COVID-19aren ziurtagiri edo pasaporte digitala eskuratu nahian gazte askok jo dutela herri handietako KZguneetara ere kontatu du Orobengoak.
Izena aurrez eman
Berez, zortzi erabiltzailerendako lekua dauka liburutegian kokatuta dagoen KZguneak, baina, osasun neurriek hala aginduta, edukiera mugatua du ikastaroak eta hiru lagunendako lekua dago. Bakarka nahiz hiruko taldeetan ere jaso dezakete zerbitzua. Izena aurrez eman behar da, 945 06 25 55 zenbakira deituta edo tutor.antzuola@kz-gunea.net helbidera idatzita.