Antzuolako berdintasun diagnostikoa bukatzear du Emaginek

Oihana Elortza 2021ko eka. 5a, 18:09

Orain arteko lana herritarrek ikusteko moduan jarri zuten zapatuan plazan eta galdetegi bat egiteko gonbidapena luzatu. Jasotako datuekin analisia egingo dute udan eta udazkenerako prest egongo da diagnostikoa. Datorren urteko aurrekontuetan ekintza plana sartzea da Antzuolako Udalaren asmoa.

Antzuolako Udala herriko berdintasun diagnosia egiten ari da urte hasieratik Emagin elkartearen laguntzarekin eta zapatuan kalera atera zuen orain arteko lana, herritarrei galdetegi bat betetzeko gonbidapena luzatuz. Berdintasun ikuspegitik nola bizi diren esparru baten edo bestean eta aurrera begira egiteko zer dagoen galdetzen die, besteak beste, herritarrei.

Orain arte jasotakotik, baina, ideia batzuk hartu dituzte eta horien gaineko gogoetak partekatu gura izan dituzte Emagin taldeko kideek antzuolarrekin. Herriko hainbat eragile eta kolektiborekin egon dira elkarrizketak egiten eta datuak jasotzen: hezkuntza arlokoekin, migranteekin edo erretiratuekin, esaterako. Behaketa bat ere egin dute herriko espazio publikoan, eskola inguruan, tabernetan edo zaintzan, esaterako, zer nolako herritarrak ibiltzen diren ikusteko. "Oso herri bizia dela konturatu gara eta berdintasunarekin proaktiboa dela ere ikusi dugu, eta horrek aukerak biderkatu egiten ditu gauza ezberdinak egiteko aukerak", adierazi du Emagin taldeko Miren Arangurenek.

Josune Martinez berdintasun zinegotziak esan du Udalaren asmoa dela honi jarraipena egitea: "Hurrengo aurrekontuetan partida bat jartzea eta plan bat egitea Antzuola mailan berdintasun politikak indartzeko zertan eragin behar dugun ikusteko". Martinezen esanetan, feminismoaren olatua iritsi da Antzuolara eta berdintasunaren aldeko kontzientzia badago herrian. Egun, gizarte zerbitzuetako teknikariak laguntzen die berdintasun gaietan, baina uste du gaia ondo lantzeko aukera bat izan daitekeela Antzuola, Elgeta eta Leintz Gatzagak gizarte zerbitzuetatik duten Bideberri Mankomunitatearen bitartez egitea, berdintasunaren politikez arduratuko den langile bat egotea hor hiru herriendako. Oraindik, baina, guztiz landu gabe dute aukera hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak