Lehen sektorea ardatz ondorengo egunetan

Maider Arregi 2021ko mai. 8a, 09:00

Landa eremuko bizimodua eta kultura aldarrikatzeko, Aritz Ganboa Arruazuko artzainak Bideak dokumentala aurkeztuko du Torresoroan datorren martitzenean; ikus-entzunezkoaren ostean, solasaldia egiteko aukera izango dute antzuolarrek.

San Isidro eguna ate joka dagoen honetan, lehen sektoreari balioa emateko hainbat ekimen antolatu du Antzuolako Udalak datozen egunetarako. Hala, landa eremua eta kultura aintzat hartzeko eta landa eremuko bizitza aldarrikatzeko helburuarekin, Aritz Ganboa artzain nafarraren Bideak dokumentala ikusteko aukera izango dute antzuolarrek hilaren 11n, martitzena, 18:30ean, Torresoroan. Dokumentalak hiriaren eta landa eremuaren arteko zubiak eraikitzea du xede. Artzain baten hasierako ideia xume batetik sortutako proiektuaren fruitua da dokumentala. Ikus-entzunezkoaren ostean, Arruazuko Ganboa artzainarekin eta Xabier Unanua zuzendariarekin solasaldia egiteko aukera izango dute bertaratutakoek. Sarrera doakoa den arren, ohi bezala, labur.eus/sarrerakantzuola helbidean edo liburutegian aurrez hartu behar da.

Abeltzaintza birsortzailea

Mungiako Itturbaltza proiektuko eta ustiategiko Unai Beitiak abeltzaintza birsortzaileaz jardungo du maiatzaren 14an, egubakoitza. "Lurra zainduz gero, abereak ere osasuntsu egongo dira, ondoren gu ere modu osasuntsuan elika gaitezen", azaldu du Garazi Larrea zinegotziak. Lurrari behar duen denbora ematea duela ardatz abeltzaintza birsortzaileak ere gaineratu du: "Lurrak behar duen atsedena eta aldaketak behar ditu izan. Abere ezberdinak lur horietan txandakatuz lortzen da lurrak eta abereek behar duten oreka hori". Solasaldia 18:30ean Torresoroan izango da, eta sarrerak aurrez hartu behar dira.

'Ez da kasualitatea'

Umorea, musika, bertsoa, jolasa, gogoeta eta emakumeen arteko konplizitatea uztartzen dituen bertso-saio musikatua egingo da hilaren 15ean, zapatuan, 18:30ean, eskolako patioan. Ez da kasualitatea saio musikatuko gai jartzaile Saroi Jauregi izango da. Bertsolariak, aldiz, Onintza Enbeita, Alaia Martin, Maialen Arzallus eta Oihana Iguaran. Musikari lanetan Araitz Bizkaik eta Gari Otamendik jardungo dute. Sarrera 10 euro da.

Emakume baserritarra

Lehen sektorea ardatz duen asteari amaiera borobila emateko, emakume baserritarra oinarri duen Erroa eta geroa dokumentala izango da ikusgai hilaren 17an, astelehena. Bertan, 13 emakumeren ahotsa jasotzen da, eta, ikus-entzunezkoaren ostean, solasaldia egiteko aukera izango da protagonistetako batekin. 30 minutu irauten du eta sarrera doakoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak