Hasi dira Ibarrondo berriz urbanizatzeko lanak

Maider Arregi 2021ko api. 23a, 15:00

Auzoko lehen hiru atarietan igogailua jartzeko lanak hasi dituzte Ibarrondon. Asmoa da lan horiek aprobetxatzea auzoaren berrurbanizatze lanak egiteko. Nolako auzoa gura duten auzotarrekin adostuko du udalak, eta maiatzaren 3rako bilera deitu du.

Hasi dira Ibarrondo auzoa berrurbanizatzeko lanak. Izan ere, auzoko lau atarietatik hiruk igogailua jartzeko lanak egingo dituzte, eta lanok aprobetxatuko dira ondoren auzoa berrurbanizatzeko. "1, 2, eta 3. atarietako auzokideek igogailuak jartzeko obra-baimena eskatu dute. Lau atarietatik hiruk jarriko dute igogailua. Hori aprobetxatuta, Ibarrondoko urbanizazio lanak egingo ditugu. Hau da, zorua igogailuak sartzeko zulatu egin behar da, eta, behin zulatuta, berrurbanizatze lanak egiteko aprobetxatuko dugu. Lanak modu koordinatuan egingo ditugu, hondeaketa lanak bi bider ez egiteko", argitu du Valen Moñuxek, Hirigintza teknikariak. Hala, Udalak lau baimen eman ditu: horietatik hiru igogailuak egi-teko dira eta laugarren baimena, urbanizazioa egiteko. Igogailuen obra lan sakona dela aitortu du udal aparejadoreak, eta denbora luzez proiektu ezberdinak adosten jardun dutela auzotarrak. "Tarte horretan, Udalak jada bazuen pentsa-tua urbanizazio proiektu berria egitea Ibarrondon". Valen Moñuxek GOIENAri aurreratu dio berrurbanizatze lanak aurten hasteko asmoa dutela. "Igogailuen obra eta Udalaren urbanizatze lanak batera egitea litzateke helburua; baliteke, ordea, Udalaren obra arrazoi administratiboengatik pixka bat luzatzea. Izan ere, obraren deialdi publikoa ere egin behar da proiektua egin ostean".

Auzotarren hitza

Udalak nolako auzoa gura duten galdetuko die auzotarrei. "Osoko bilkuran lurzoru publikoan igogailuak egitearen gaineko erabakiak hartu eta baimena onartu ostean, orain Udalaren prozesua da berrurbanizatze proiektua egitea. Ez soilik irizpide teknikoak hartuta, erabiltzaileen irizpideak ere kontuan hartu behar dira proiektu hori egiteko. Hainbat aukera prestatzen ari gara, ondoren auzotarrei hitza emateko eta erabaki batzuk euren esku uzteko", esan du udal aparejadoreak. Proiektuak oinarrizko beharrak jasoak dituela adierazi du Antzuolako Udalak, eta diseinu berdeari garrantzi handia emango zaiola. "Auzoaren azalera kontuan izanik, oinezkoendako zein autoendako proiektua izan daiteke, baina guk oreka bilatu behar dugu. Batzuetan, posible izango da auzotarren nahia kontuan hartzea; beste batzuetan, ezingo da, azalerak eta aurrekontuak mugatuko baitu proiektua". Maiatzaren 3an Udalak auzotarrekin batzartu nahi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak