Dagoeneko Aste Santura begira jarrita dago Ibarreko arduraduna. Erkidegoak itxita egongo dira, baina nekazaritza turismoa euskal jendez bete gura du.
Zein da egoera orain?
Ibarre nekazaritza turismoan bederatzi gela bikoitz ditugu, eta aitortu behar dut iazko martxora arte guztiak betetzen genituela. Beharginei esker izan da hori; izan ere, hartzen ditugun gehienak enpresetako komertzialak izaten dira. Azken boladan, bezero bakarra izaten dugu, batez beste, gau bakoitzeko.
Okupazioa nabarmen jaitsi da, beraz...
Hala da; %5 inguruan ari garela esango nuke. Eta horrekin batera jaitsi da fakturazioa ere. Orain arte mugikortasuna mugatuta izan dugunez, astean zehar ez dugu bezero askorik hartu, baina asteburuetan ere ez. Jakina, ondoko herrietakoak etor litezke, baina horiek gertu dute euren etxea.
Nondik etortzen zaizkizue bezeroak?
Leku askotatik. Baina Estatukoak izaten dira asko. Asteon, adibidez, Valentziatik etorritako bi zapata-saltzaile hartu ditugu.
Martitzena ezkero, mugi gaitezke EAE barruan. Asteburu honetan igarri egingo da hori?
Ez dugu aparteko erreserbarik. Agian, goizegi da oraindik, eta, gainera, laster dira San Jose eguna eta Aste Santua. Beste urteetan, martxoa hilabete ona izaten da. Iaztik, baina, abuztua izan da hilabete onena; orduan soilik izan genuen Ibarre beteta.
Nola dator San Jose zubia?
Lau erreserba ditugu, momentuz; beraz, etxe erdi daukagu beteta. Baina oraindik egin daitezke erreserbak.
Eta Aste Santua?
Erreserba dezente ditugu; are gehiago, soilik bi gela geratzen zaizkigu libre. Egunero jasotzen ditugu deiak etxe osoa alokatu gura dutela esanez, baina hemen ez dugu horrelakorik onartzen, uste dugulako arriskutsua izan daitekeela bizi dugun egoeran talde handiak hartzea.
Edozelan ere, euskal bezeroak hartuko dituzue...
Bai, hala da. Bizkaitik edota Irun aldetik etorriko zaizkigu batzuk. Argi dago Estatutik ezin izango direla etorri. Ildo horretatik, aipatzekoa da iazko Aste Santuan etorri ez ziren bezeroek aurtengorako zutela erreserba egina, eta aurten bigarren aldiz utzi behar izan dutela bertan behera. Pena handiz hartu dute berria, eta baita guk ere.
Mugak irekitzeko itxaropenik bazenuten?
Egia esan, bai, dagoeneko erreserbak eginda zituztelako. Baina ikusi dugu ez dela posible izango. Hala ere, bezero horien zain izango gara abuztuan.
Zer eskaintzen du Ibarrek?
Ibarren ostatua eta gosariak eskaintzen ditugu; eguna hasteko otordu ezin hobeak, gainera. Afaririk ez dugu ematen, baina badugu jangela bat eta baita janaria berotzeko tokia ere. Etxeratze-agindua 22:00etan betetzen denez, bezeroek erositako edo prestatutako janaria ekartzen dute sarri, eta hemen afaltzen dute. Hori gutxi balitz, inguru paregabean gaude: bezeroei sarri gomendatzen dizkiegu inguruetan egiteko ibilalditxoak, eta kostaldera ere joan daitezke.
Zu zeu nola zaude?
Animo aldetik nahiko ondo nago; okerrena pasa dugula uste dut. Inork ez zekien pandemia etorriko zitzaigunik; are gutxiago, tamaina honetakoa. Baina Ibarren 24 urte daramatzagu gogor lanean, eta horri esker egin ahal izan dugu aurrera. Gainera, seme-alabek badute euren lana, eta, beraz, nik dagoenarekin konformatu behar dut.
Uda nolakoa aurreikusten duzu?
Oraindik goiz da, baina jendea hasia zaigu galdetzen erreserbak egiteko. Txertoak ere ekarri digu itxaropena, eta hobeto egotea espero dugu, jakina.