Errukizko Amaren parrokiaren elizpeko hormak Espainiako gerraren gordintasuna darama azpian. Karez estalita dago gerrak eta frankismoak eragindako samina gogorarazten duen mausoleoa; pixkanaka karea altxatzen eta margolana azaleratzen hasia da, ordea.
Mausoleoa Gerrako irabazleek, nazionalek, euren alde borrokatu zirenak eta hildakoak goraipatzeko, 1940an mausoleoa egin zuten. Bertan, En memoria de los fallecidos de la última Cruzada por Dios y por España idatzi zuten. Oso garbi ikusten ez den arren orduko argazkietan, frankismoaren hainbat ikur ere badaramatza lanak behealdean. "Helburu alegorikoa zuten margoak ziren, eta bertan, aberriaren alde borrokatu eta hil zirenen zerrendak aipatzen ziren. Antzuolakoa oso handia da, ikusgarria. Horrelako omenaldiak herriko txoko garrantzitsuetan jartzen zituzten. Dagoen argazki bakarrean argi ikusten ez den arren, badirudi frankismo ikurrak ere badaudela", dio Iñigo Ramirez de Okariz historialariak. Udalak 900 pezeta ordaindu zizkion Pedro Martinez eibartarrari murala margotzeagatik.
Memoria historikoa
"Orain arte jaso dugun memoria historikoa irabazleena izan da; gero eta gehiago gabiltza galtzaileen memoria ere berreskuratzen. Antzuolako horma-irudiaren kasuan, ordea, badakigu irabazleen oroigarria dela. Agertzen direnak garai hartako sentsibilitate politiko jakin batekin lotutakoak dira. Oraindik horrelako ikurrek, nolabait, buruhausteak ematen dituzte. Bestalde, badira margoan zer dagoen ikusteak zer gertatu zen eta memoria historikoa argitzen lagunduko lukeela uste dutenak. Ondoren, berriro erabaki beharko litzateke zer egin hormarekin". Gogora Institutuak sinbologia frankisten txostenean, aldiz, ez du Antzuolakoa jaso. "EAEn euskarri eta forma jakin batzuk erabili ziren; sinbologia frankistari dagokionez, baliteke altxorra izatea Antzuolako margolana", argitu du.
Ohorezko koadroa
36ko gerran hil ziren nazionalak, kartzelan egondakoak, isunak eta errepresioa jasotakoak... Horiek guztiak ohorezko koadro batean jaso zituzten gerra amaitzean, argazkiekin eta izen-abizenekin. Etxez etxe banatu zituzten, ondoren, oroigarri gisa.