Kabalkada berreskuratu eta biziarazteko asmoz

Maider Arregi 2021ko ots. 18a, 14:46

Aiherran 2019an egin zuten kabalkada eskainiko dute Torresoroan zapatuan. Tartean, Oinarin taldekoen emanaldia izango da ikusgai. Sarrera doakoa da, baina aurrez egin behar da erreserba, labur.eus/sarrerakantzuola atarian nahiz liburutegira joanda.

Antzuola eta Aiherra herrien arteko senidetzeak ez dauka lortu ezin dezakeen erronkarik. Bi herriek oraindik gogoan dute 2019an elkarrekin egin zuten kabalkada. 140 kilometrok banatzen dituzten arren Antzuola eta Aiherra, koordinazioari esker posible izan zen kabalkada antolatzea. Mikel Bargiela Kultura zinegotziak gogoan du bizitakoa. "Dantza, kantua, antzerkia eta hizkuntza batzen dituen ikuskizuna oso gustura ikusi genuen, giro ederra lagun".

Izan ere, ez da erraza horrelako emanaldi baterako koordinazioa aurrera eramatea. Oinarin taldea izan zen Antzuolaren ordezkarietako bat. "Esperientzia polita izan zen; beste herri batzuetara joan izan gara dantza egitera, baina hau desberdina izan da. Halako ikuskizun bat egiteko aihertarrak gurekin kontatu izanak asko poztu gaitu. Pandemia hau amaitzean espero dugu berriz jarraitzea gure dantza entseguekin eta aurrez geneuzkan planekin", adierazi du Oinarinek. "Belaunaldi berriek jarraipena ematea ere bada gure asmoa, eta Oinarinekin batera Aitzol Iturbek bertsoak ekaini zituen saioan", gaineratu du Mikel Bargielak.

Euskarari lehentasuna

Adin tarte zabaleko 200 herritarrek baino gehiagok parte hartu zuten kabalkadan; batzuk euskaldun zaharrak ziren; beste batzuk, ordea, euskarara gerturatzen hasi berriak. Garbi izan dute aihertarrek, ordea, esperientzia hau euskara hutsean bizi nahi izan dutela.Aiherrako jai batzordeak eta Belzuntze elkarteak ekitaldiak antolatzen jardun izan duten arren, ez zuten kabalkada sekula antolatu. Erronka handia izan zela herriarentzat aitortu zuen orduan dantza zuzendari Letizia Lartiguenek. Antzerkia Xamu Biscay eta Manex Fuchsek gidatu zuten. Modu horretan, 2019ko irailean kabalkadaren giroa berreskuratu eta biziarazi zuten bi herrien elkarlanak.

Senidetzea, indarrean

Orain dela 37 urte ereindako haziak eman ditu fruituak, eta, kabalkadari esker, bi herrien arteko senidetzea indartu egin da. Pandemiak ospakizunetarako bide ematen ez duen arren, gaur-gaurkoz, Udalak harreman horri eutsi eta ekimen berriak sustatzeko asmoa duela dio.Hala, bihar, zapatua, antzuolarrek kabalkada ikusteko au-kera izango dute, Torresoroa aretoan, arratsaldeko seietan hasita. Sarrerak aurrez erreserbatu behar dira, online edo liburutegira joanda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak