Naturari balioa emateko, elkarlana abiarazi dute

Maider Arregi 2021ko urt. 8a, 09:00

Arrola Mendizale Elkarteak eta Udaleko Ingurumen Sailak elkarlanean abiarazi dute ingurumenari eta naturari balioa emateko ekimena. Helburua da mendi eta baso-lurren erabileraren diagnosia egitea Antzuolak mugakide dituen udalerriekin elkarlanean.

Gabon jaien aurretik, udalerriko hainbat baso lurren "txikizioa" salatu zuen Arrola Mendizale Elkarteak. Orain, irtenbidea bilatu nahian, urratsa egin, eta Udaleko Ingurumen Sailarekin batu da Arrola taldea. "Mendiko zein lau gurpileko motorrek basoa txikitzen dihardute. Kirola egiteko eskubidea debekatu gabe, jendea kontzientziatu eta sentsibilizatu nahi dugu ingurumena errespeta dezan. Hala, udal ordezkariekin batu gara irtenbidea bilatzeko asmoz; izan ere, debekua baino gehiago, denon artean erabakia adostea dugu helburu", azaldu dute Arrolako ordezkariek.

Hala, gaia Antzuolak mugakide dituen udalerriekin, Oñati, Bergara, Zumarraga eta Urretxurekin, aztertu gura dute."Kezkatuta gaude gure udalerriko mendietan gertatzen ari denarekin. Trekutz, Irimo, Arro-la, Koroso, Landarraitz... eta azkena, Azaldieta. Aspaldi zetorrena oraingo egoeran biderkatu egin da. Guztietan txikizioa da nagusi. Han eta hemen mendiko motorrak, lau gurpilekoak... txiki-txiki lagatzen ari dira gure baso, bide eta zelaiak. Uste dugu ahalik eta azkarren komeni zaigula ibilera hauek arautzea, kirola egiteko eskubidea inori debekuan jarri gabe sentsibilizatuz; baina, ezinbestean, ingurumenaren errespetuan oinarrituta jendea kontzientziatu behar da. Mugakide ditugun udalerriek egoera hau nola bizi duten jakin gura dugu, eta, ondoren, denon artean erabakiak hartu. Gainontzeko kirol zein mendi batzordeetako kideekin aztertu gura dugu egoera", diote.

Mendi elkarte gisa, beste herrietako mendi elkarteekin ere batuko da Arrola, eta aukerak arakatuko dituzte. "Diagnostikoa egin eta egoera nola dagoen ikusiko dugu elkarrekin gaia landuz eta irtenbidea bilatuz".

Zaletasunean sentsibilizatu

Mendiko motor-zaleekin ere batu gura dute, diagnostiko osatua izateko. "Mendian motorrekin dabilena ez dakigu federatuta dagoen edo bere kasa dabilen. Elkarte baten baitan badaude, elkartearekin batuko ginateke, eta konponbidea topatu denen artean. Izan ere, legea oso malgua da, eta, maiz, ez dakigu zein terrenotan ibiltzerik daukagun. Informazioa ere eman gurako genuke; sumatzen dugu gazte asko dabiltzala motorrekin eta mendiarekiko bestelako ikuspegi bat dutela. Kontzientziaziorako hainbat ekintza egiteko asmoa ere badugu. Lan pedagogikoa egin gura dugu aurrena. Aukera bat litzateke motorzale eskarmentudunekin elkartzea, transmisio lanean eragiteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak