Mairuaren alardea da Antzuolako jaietako ikur nagusietako bat, eta, aurten ekintza hori bere horretan egiteko aukerarik egongo ez bada ere, keinu egingo zaio ohiko alardeari. Horregatik, zapatuan, 10:00etan eta 19:00etan, alardean erabiltzen ohi diren kanoiak sutuko dituzte plazan.
Ohiko alardea gogoan
Ohiko jaietako egubakoitzean eta domekan etxafuegoa botatzen da eta zapatuan, etxafuegoa bota beharrean kanoikada. Gauzak horrela, Lander Dominguez alardeko buruzagiak aitortu duenez, ohiturari jarraitzeko asmoz, kanoiak sutuko dituzte plazan, goizez zein arratsaldez: "Goizeko kanoia sutzearen asmoa da, herritarrei alardea egun horretan egin beharko litzatekeela gogora ekartzea. Horretarako, txistulariekin eta hainbat dantzarirekin batera, plazan egongo dira alardeko buruzagia eta mairu erregea irudikatzen dituzten bi buruhandi ere. Arratsaldekoaren helburua, berriz, egun eta ordu horretan alardea irten beharko litzatekeela gogora ekartzea da". Izan ere, 140 urtean hirugarrenez ez da alardea egingo Antzuolan: 1937an eta 1938an gerra zibila izan zen alardea egitea oztopatu zuena eta aurten, COVID-19ak eragin duen egoerak ez du alardea egiteko aukerarik eman. Azken urteetan, gainera, Antzuolako alardeak hainbat aldaketa esanguratsu izan ditu. 2018an, esate baterako, Joseba Iparragirreren ordez Lander Dominguez izendatu zuten alardeko buruzagi. Horrekin batera, iaz, azken hamarkadan hasitako eraldaketa prozesuaren baitan, Edurne Iturbe izendatu zuten alardeko kapitain.
Ekintza sinbolikoa
Dominguezek azaldu duenez, Antzuolako alardea antolatzen aritzen diren kideek jai batzordearekin azken hilabeteetan egindako bileretan argi ikusten zuten ohiko jaiak bertan behera geratuz gero alardearen aldeko ekintza sinbolikoren bat egin beharra zegoela: "Nahiz eta jaiak bertan behera geratu, alardea gure jaien eta kulturaren parte da eta ezin dugu berau ahaztu. Ekitaldi bezala ospatuko ez bada ere, gogoan izateko ekintza aproposa delakoan gaude. Gainera, alardearen baitan, diskurtsoarekin batera, kanoiak sutzea izaten da ekintza sinbolikoena eta horren alde egin dugu".
Segurtasun neurriak
Dominguezek ohartarazi du etzi, plazan egingo diren bi ekintza sinboliko horiek alardea gogoan izateko helburua dutela eta herritarren bat plazara gerturatzen bada, segurtasun neurriak errespetatzea ezinbestekoa izango dela.