EH Bilduk hitzaldia antolatu zuen atzo, etorri berri den krisiari aurre egiteko proposamenak antzuolarrei aurrez aurre azaltzeko. Maila nazionaleko programaren arduradun Ainhoa Beola eta Gipuzkoako batzarkide Marian Beitialarrangoitia egon ziren ekitaldian, eta Jaiki plana aurkezteaz gain, antzuolarren galderak ere erantzun zituzten.
Beola izan zen COVID-19aren krisiari aurre egiteko Jaiki plana aurkeztu zuena. "Pandemia agertu aurretik hutsune nabarmenak salatu izan ditugu, zaintzan eta osasungintzan, eta COVID-19ak are eta agerikoago bihurtu ditu. Berandu baino lehen, egoera zaurgarrienetan dauden horiei laguntzea da gure helburua, eta horretarako sortu dugu Jaiki plana" adierazi zuen. "Baina ez dugu orain arte bezala jaiki nahi, norabide desberdin batean altxatu behar gara, prekarietatea, langabezia eta pribatizazioa gutxituz. Horretarako enplegua duindu behar dugu, eta badugu nondik hasi: zaintza esparruko egoiliarrak eta langileak dira adibide garbi bat".
Enpleguarekin lotutako datu "txar" batzuk ere aipatu zituen, hala nola, "industrian 250.000 lanpostu galdu" izana, "68.000 lanpostu gehiago galtzear egon daitezkeela" edo "kooperatibetako lanpostuen %5a galtzeko" aurreikuspenak.
Inbertsio publikoa indartzea "funtsezkotzat" jo zuen, "nahiz eta zerga bidezko diru-bilketan jaitsiera nabarmena aurreikusi daitekeen. "Kontziente gara egoeraz, eta badugu horretarako hainbat proposamen. Sistema fiskalean aldaketa sakonak behar ditugu, gehien dutenek gehiago ordain dezaten. Baina hori lortu bitartean ez gara geldi geratuko. Behin-behineko izaeraz COVID tasa delakoa aplikatzea eskatu diogu Urkulluren Gobernuari. Horren bidez, 2020an 2019an baino irabazi handiagoak eduki dituztenek zerga gehiago ordainduko lituzkete. Horrez gain, inongo onura sozialik ekartzen ez duten inbertsioak, AHTa esaterako, bertan behera uztea ezinbestekoa da ere".
Beitialarrangoitiak ildo beretik jarraitu zuen. "Zaintzan, enpleguan, osasungintzan, kulturan, ingurumenean eta euskaran" inbertsioak egiteko beharra azpimarratu zuen, eta horretarako EH Bilduk agintea duen herri txikiak jarri zituen adibide gisa. "Ez litzateke justua Antzuolara etortzea hiri handietan edo nazio mailan aplikatu nahi ditugun gauzei buruz hitz egitera, bertan egin dituzuen adibide eredugarriak aipatu gabe". Zentzu horretan, besteak beste, Antzuolak kulturaren alde egindako apustua nabarmendu zuen, San Isidro jaien bueltan antolatu eta handi gutxira egin zen bertso saioa eredutzat jarriz.