Ia hiru hilabetez egon da Antzuolako Eguneko Zentroa itxita COVID-19aren ondorioz. Alarma egoera indarrean jarri aurretik itxi zuen, ordea, Udalak bai Landatxope zaharren aisialdi-gunea eta baita ere adinekoen Eguneko Zentroa, Eusko Jaur-laritzak hala eskatuta. Joan den egubakoitz arratsaldean, Udaleko Gizarte Zerbitzuek aurkeztutako kontingentzia-plana onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hala, asteon, berriro ireki ditu ateak Eguneko Zentroak. Egoitzan 19 lagunendako lekua dagoen arren, zortzi adinekorekin abiatu dute zerbitzua. "Astelehenean, zortzi adinekorekin ireki zituen ateak Eguneko Zentroak; eguaztenean, beste lau hasi ziren; eta beste bik edo hiruk plaza gordetzeko eskatu dute, itzulera pixka bat luzatu nahi baitute; lauk, berriz, baja eman dute; eta bi eskaera berri jaso ditugu. Beste birendako ere lekua egongo litzateke, beraz; izan ere, 19 lagunendako tokia du Antzuolako Eguneko Zentroak", argitu du Puri Arregi Gizarte Ongizate zinegotziak.
Babes neurri guztiak
Hiru hilabeteren ostean, Foru Aldundiak Eguneko Zentroa irekitzeko kontingentzia-plana eskatu zuen. Plana Udaleko teknikari Karmele Kortak egin zuen, eta, aipatu bezala, ekainaren 5ean izan zen onartua. "Dena aldatu behar izan dugu. Espazioa kontuan izan da, eta, zorionez, denendako tokia dugu eta ez da inor kanpoan utziko tokirik ez dagoelako zentroan. Lehen, mahai baten bueltan egoten ziren adinekoak. Orain, bakoitzak bere mahaia du eta distantziak mantentzen dituzte. Bata bestearengandik urrunago daude, baina aurrez aurre ikusteko moduan ere badute. Batzuk irrikan ba-zeuden bueltatzeko. Hiru hila-bete denbora luzea da eta faltan igartzen zuten hemen duten egonaldia. Egia da gustura ego-ten direla, eta aitortu didate pozik itzuli direla", adierazi du Puri Arregik.Babes neurri zorrotzak bete behar dituzte adinekoek: maskarak une oro jantzita eta eskuak sarri garbituta. Oinetakoak sarreran garbitu behar dituzte. "Maskara eramatea ez da erosoa eurendako, baina egia da pozik daudela berriro zentroak ateak ireki dituelako". Egoitza bi zatitan banatu dute, planari jarraikiz. Asteon, antzuolarrak gela batean izan dira eta bergararrak beste batean. "Modu horretan, bertako langileei gauzak errazten zaizkie, eta, arauak eskatzen duen moduan, bi gelatan banatuta izanda, pilaketak saihesten dira".