Atzeratutako triki-bertso kalejira babes neurri zorrotzekin zapatuan egingo da

Maider Arregi 2020ko mai. 29a, 09:00

Irati Gardoki, Lierni Errasti eta Garazi Kortabarria trikitilarien laguntzarekin bertso saio ibiltaria egingo da zapatuan. Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Miren Amuriza bertsolariek 12:00etan Herriko Plazan hasiko dute saioa. "Arauak aldatu dira eta plazan egingo dugu aulkiekin eta distantziak mantenduta. Jendea eserita eta maskararekin egongo beharko da. Zutik ezin dira egon, ezta mugimendua ere", azaldu du Beñardo Kortabarria alkateak. 

Trikitilariak hasiko dira eta ondoren, bertsolarien 30 minutuko saioa izango da.  Gero, udal kamioian kalejira egingo dute auzoetan barrena. "Jendeari eskatu gura diogu ez joateko kamioiaren atzetik. Auzoetako balkoietan zein terrazatan daudenek ahalko dute gozatu saio ibiltariaz. Boluntario taldea egongo da zaintzen eta irteera ordenatua antolatuko da saioaren ostean", argitu du alkateak. Plazan tokia ez duenak, auzoetan entzun beharko du; bestela, www.bertsoa.eus webgunean ikusteko aukera izango dute.

Herritarrendako oharra

"San Isidro egunaren bueltan egin behar zen triki-bertso festa, larunbata honetan egingo da. Indarrean dagoen araudiak toki irekietan 400 pertsona arteko ikuskizunak egiteko aukera ematen duenez, saioa Herriko Plazan egingo da. Udalak 160-180 aulki jarriko ditu, segurtasun-distantziak gordez, ikus-entzule denek maskaratxoak jantzita eduki beharko dituzte, eta eserita egon beharko dute. Ez da onartuko zutikako ikuslerik. 11:45etan Lierni Errasti Larrea, Irati Gardoki Larrea, eta Garazi Kortabarria Loidiren trikiti-saioa hasiko da. 12:00etan bertsolariek ekingo diote lanari: Miren Amuriza Plaza, Beñat Gaztelumendi Arandia, eta Maialen Lujanbio Zugasti. Ordu-erdiko kantaldia egingo dute, erdia gidatuta eta erdia librean. Plazakoa bukatu ondoren, Udaletxeko ibilgailu ofizialak erabiliz eta trikitilariak lagunduta Errekalden, Antiguan, Ibarrondon, Sagastin, Lapatza-Etxeberrin eta Beheko Auzoan mikro-saioak egingo dira. Plazako saioa ikusi eta entzungo duten pertsonentzat, bi ohar: Saio horrekin gozatu eta EZ saiatu gero auzoetara joaten.  Plazako saioa bukatutakoan, ez zutitu batera, baizik eta bolondresek emandako aginduei jarraituz. Zentzuz bizi behar dugu, eta erakutsiko dugu egoera honetan ere arduraz jokatuta, posible dela gauzak egitea eta normaltasunerako pausuak ematea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak