60 mila euroko laguntza onartuta herritarrei eta saltokiei laguntzeko

Maider Arregi 2020ko api. 28a, 09:23

COVID-19ak herritarrengan eta komertzioetan eragindako kalte ekonomikoak arintzeko helburuaz, urgentziazko diru-lerroa onartuta geratu da EH Bilduren aldeko botoekin. EAJak bere desadostasuna adierazi du eta ezekoa bozkatu du ez datorrelako bat kreditu transferentzia egiteko proposamenarekiko. Alderdi sozialista abstenitu egin da.

Lehenengoz, bideokonferentzia telematiko bidez egin dute ohiko osoko bilkura; martxokoa ezin izan zen egin COVID-19 gaitzak eragindako eragozpenen ondorioz.

Diru laguntzak kaltetuendako

Koronabirusak sortutako kalteak arintzeko kreditu transferentzia onartu du udal gobernuak EH Bilduren aldeko botoekin. EAJk aurkako botoa eman du eta alderdi sozialista abstenitu egin da. EAJko bozeramaile Basilio Ormazabalek argudiatu du  diru-lerroen aurka ez dagoen arren, kreditu transferentziarekin ez datozela bat: "Uste dugu aztertzeko denbora egon dela. Izan ere, aurreikusitako moduan herriko jaiak eta kultura ekintzak ezin izango dira egin; pertsonalean ere hainbat baja ditugu, tartean idazkariarena, zoritxarrez ezin izan direnak bete eta aurrekontuan aurrerapena ekar dezaketena. Bestetik Torresoroa, kiroldegia, Eztala, eskola eta abarren azpiegitura gastuak ere dezente murriztuko dira. Eta milioi bat eta 200 mila euroko soberakina ere badugu; orain da aukera hortik dirua ateratzeko eta ez Olarango kreditu transferentziatik. Bestetik, diru-laguntzak ateratzearekin ados geundeke zenbait oinarrirekin ez ordea; uste dugu beharra zehazki non dagoen identifikatu eta horri laguntza eman beharko litzaiokeela".

Beñardo Kortabarria alkateak gaineratu du, ordea, diru sarrerak dezente jaitsiko direla aurreikusi dutela jada: "Jakinaren gainean gaude aurrerapena egon daitekeela, baina etorkizuna zer izango den aztertzen izan gara eta 400.000 eurotik gorako diru-sarrerak gutxituko direla ondorioztatu dugu. Foru Aldunditik diru gutxiago etorriko da eta denaren beharra izango dugu. Gerakina ere hor dago eta erabiliko dugu".

Bi diru laguntza lerro

Hala, 60.000 euro bideratuko dituzte. Horietatik 5.000 hezkuntza zentroen itxieraren ondorioz 0-12 urte bitarteko haurren zaintzarako eragozpenak arintzeko izango dira; baita eguneko zentro edo bestelako zerbitzuen itxieraren ondorioz mendekotasun egoeran dauden zaintzarako eragozpenak arintzeko ere.

Bestetik, 55 000 euroko laguntza bideratuko da komertzioek, ile-apaindegiek, ostalariek eta bestelako jarduera-ekonomikoek (akademiek, osasun-zerbitzuek, mekanikoek...) alarma egoeran izandako kalte ekonomikoen eragina gutxitzeko: "Alarma egoerak eragindako kalte ekonomikoak arintzeko zuzeneko diru-laguntzak dira. Norbanako, familia, komertzio txiki nahiz ostalaritza eta bestelako establezimenduen itxierak eragindako kalteak arintzeko, hain zuzen ere", azpimarratu du Beñardo Kortabarria alkateak.

Kreditu transferentzia, Olarango eraikina berritzera bideratutako diru-lerrotik egingo du Antzuolako udalak. Zehazki, 91.000 euro aurtengo aurrekontuan jasoa zegoen Olarango eraikina berritzerako. Baina udal gobernuak gizarte larrialdia arintzeko erabiliko du. "91.000 eurotik 60.000  COVID-19ak sortutako kalteak arintzeko izango da. Gainontzeko 31.000 euro kreditu globalera bideratuko ditugu bestelako beharren bat sortzen bada. Diru laguntza zuzenak dira", argitu du Kortabarria alkateak.

Olarango obra 2 urterako proiektua zen eta guztira, 180.000 euro pasatxoko aurrekontua zuen. "Olarango proiektua eginda daukagu eta orain obra egiteko deialdia egin behar genuen. Ondoren, proiektuan oinarrituta, enpresek euren proposamenak egin ahal izango zituzten. Orain, ordea, alarma egoerak justifikatuta, proiektua 3 urtetan egiteko aukera daukagu diru laguntza galdu gabe. Horregatik, egoera honek aukera ematen digu eraikina konpontzeko dirua gizarte larrialdiari erantzuteko bideratzea; justifikatuta dago. Datorren urtean normaltasuna badago Olarango obrari helduko diogu. Eraikinean inbertitu beharrean pertsonengan inbertituko dugu", gaineratu du Antzuolako alkateak.

Deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Antzuolako udal webgunean argitaratu eta biharamunetik hasita 15 laneguneko epean, herritarrek eskaerak egiteko aukera izango dute. Alkateak gaineratu du, dena amaitutakoan "aurrekontuan zer kendu eta zer jarri beharko den" erabaki beharko dutela. "EAJrekin batera egin gura dugu hau", nabarmendu du.

Covid-19aren aurka, batasuna

EH Bilduk eta PSE-EEk  Covid-19ari aurre egiteko adierazpen instituzional bana aurkeztu dute osoko bilkuran. Bateratasuna sustatzeko helburuaz, hiru alderdiek aho batez onartu dute adierazpen instituzional bakarra adostasunez egitea eta maiatzeko osoko bilkuran onartzea.  "Helburua da alderdi politiko guztiek COVID-19 gaitzari aurre egiteko indarrak batzea. Alderdi sozialistaren proposamenak ez dauka inolako norabide politikorik", adierazi du Gallastegi zinegotziak. "Guztion ideologiak alde batera utzi eta batasuna gurako nuke izan COVID-19ari aurre egiteko".

Kreditu gehigarria

Osoko bilkuran 24.300 euro pasatxoko kreditu gehigarria onartu dute aho batez. Kreditu hori Eztalako instalazio elektrikoa egiteko bideratuko da. Izan ere, 2020ko aurrekontuan ez zegoen aurreikusita. "Eztalako eraikin berria martxan jartzeko, elektrizitate hornikuntza berria instalatu behar da. Horretarako Iberdrolak 872 metroko linea sartuko du herrigunetik Eztalaraino. Futbol zelaiko instalazio elektrikoa berritzerakoan argiteria publikoaren linea ere berritu egin beharko da eta koadro berri bat jarriko da hilerri ondoan", argitu du alkateak. Eztalako obrak apirilean hasi behar baziren ere, COVID-19ak eraginda, lanak maiatzean hasiko dira. Zehazki maiatzaren 4an, astelehena, hasiko dira aldagelak botatzeko lanetan. "Eztalako proiektua eginda, konkurtsoa eginda eta enpresa irabazlea aukeratuta. Olarango obraren kasuan ez bezala, Eztalako obra gelditzea oso zaila da eta guztia zerotik abiatzea zekarren". Lau hilabeteko epea izango du Artzamendi enpresak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak