Konfinamendu egoerak alde positiboa ere badakar. Horren adibide da aste hauetan herrietako hainbat musikarik eta sortzailek itxialdi honi atera dioten etekina. Patxi Luque musikari antzuolarrak, esaterako, abesti berriak konposatzen diharduela aitortu dio GOIENAri.
Konfinamendua musika egin eta konposatzeko aprobetxatu duzu?
Lan asko atzeratuta neukan, eta, egiari zor, oso ondo etorri zait egoera hau. Egunerokoan ez dugu horrelako aparteko denborarik izaten. Zuzenekoak prestatzen nabil eta sisteman egiteko nituen hainbat aldaketa egin ditut egunotan. Herritarrek balkoira irten eta auzoa animatzeko eskatu dizute behin baino gehiagotan. Bai, halaxe da; eurengandik atera da, gainera, proposamena. Esperientzia ederra izan da. Aprobetxatu dut sarean sartzeko eta hedapena emateko ekimenari. Aldamenean bizi den adineko bizilagunak egunero jotzeko eskatzen dit. Lau bat saio ezberdin egin ditut, askotariko musikarekin, herritar ororen gusturako; eta baita ere, nola ez, haurrei eskainitakoa. Egia da lasaitasun osoa gura duten bizilagunak badaudela; horregatik, ekimena aurrera eraman aurretik Udalean galdetu nuen. Bolumen baxuagoan eta zentzuzko ordutegian jarriz gero ez dagoela arazorik esan didate.
Alarma egoerari esker esan daiteke artista eta musikariok aitorpena jaso duzuela?
Sarean puri-purian dagoen gaia da. Musika beharrezkoa dela ikusten da horrelako egoeretan, eta asko eskertzen da herritarren mezu positiboak jasotzea. Errekonozimendua egon badago. Niretzako, plazera da musika herritarrei eskaintzea. Aitortu behar dudan arren zuzenekoak eta jendearekin hartu-eman zuzen hori ez izatea faltan sumatzen dudala. Baina gero, asteotan gertatu zaizkidan zenbait istoriok hunkitu eta bete egiten naute. Adibidez, bizilagun baten alabak konfinamendua nola bizi duen islatzeko marrazkia egin zuen eskolako lanen baitan. Marrazkian zioen nire musikari esker askoz ere hobeto zeramala itxialdia, eta gutxiago aspertzen zela. Balkoietan anplifikadore eta guzti marraztu ninduen; hunki-garria izan da.
Aurrez ere sare sozialetan iaioa zinen? Jartzen zenituen zure bideoak eta zuzenekoak?
Kontzertuen berri eman izan dut eta bideoren bat edo beste ere igo izan dut sare sozialetara; bereziki, Facebookera. Baina orain arte ez dut aukerarik izan zuzenekorik eskaintzeko sare sozialen bitartez. Eta ikaragarria izan da. Mundu osoarekin konektatzeko bidea eman dit; harrigarria eta aukera aparta da! Orain dela gutxi egin dudan zuzenekoan, Indiako, Indonesia-ko zein Australiako musikariekin harremana izateko aukera izan dut. Herritarrak ere emanaldiren bat prestatzeko eskatzen dabiltza, eta laster sorpresaren bat izango dute.