"Hezkuntza da inbertsio onena" Antzuolarren artean interesa eta arreta piztu du Iñigo Ramirez de Okariz historialari eta irakaslearen azken liburuak: Hezkuntza Antzuolan. Joan den eguen iluntzean eginiko aurkez-penean, Olaran aretoa bete egin zen. Senitarteko, lagun eta ikasle ohi asko bertaratu ziren, Antzuolako hezkuntza sistemaren historia bertatik bertara jasotzeko eta gordetako bizipenak eta testigantzak berriro ere bizitzeko eta entzuteko asmoz. Ramirez de Okarizek GOIENAri adierazi dionez, hezkuntzarekiko interesa egon badago herritarren artean. "Oraindik garai hartako esperientzia eta bizipena duten asko gaur egun bizi da, eta etorri diren asko eta asko niretzako informazio iturri apartak ere izan dira lan hau egiterakoan, gainera".
18 urteko ikerketa prozesuaren emaitza izan dela dio: "Egia da azken urteetako informazio eta dokumentazio bilketa handiagoa izan dela; baina erakusketan jasota dauden objektuak eta argazkiak herritarrek emandakoak dira. Udalen artxiboetatik dokumentuak ere atera ditut, baina erakusketako protagonistak herritarrak dira, eurek izan baitute materiala eta argazkiak biltzeko ardura".
Hezkuntza eta hizkuntza
Historian zehar hizkuntza eta hezkuntza lotuta egon dira eta daude. "Euskara hizkuntza txikia izanagatik gaztelerarekin borrokan izan da. Hori argi ikusten da dokumentuetan eta baita sasoi hartan ezartzen ziren zigorretan ere. Izan ere, zigor asko euskaraz berba egiteagatik ezartzen zituzten irakasleek: belarrondokoak, askok gogoan duten eraztunaren zigorra... zi-gorren egoera horri 1982 eta 1983. urteen bitartean eman zitzaion buelta: euskarak ofizialtasuna lortu zuenean, hain zuzen ere", nabarmendu du historialari antzuolarrak.
Tokikoa oinarri
Antzuolako zein tokiko hezkuntzarik gabe, ordea, zaila da ulertzea Euskal Herriko hez-kuntza sistemaren bilakaera. "Ez dugu jakingo zeintzuk diren euskal hezkuntza sistemaren ezaugarri historikoak, ez baldin baditugu aldez aurretik tokiko hezkuntzak ezagutzen. Horregatik, Antzuolakoa lagin bat besterik ez da eta euskal hez-kuntzaren historiari aletxoa eskaintzen dio. Honen bitartez, gainontzeko udalak ere anima-tu gurako nituzke horrelako ikerketak egitera. Beharrezkoa dela deritzot".
Transmisioa erronka
Hezkuntzaren alorrean Antzuolako Herri Eskolak, aldiz, badu erronka handi bat transmisioari dagokiona. "XXI. mendeko erronka handiena hezkuntza mailan du Antzuolak. "Denok ezagutzen dugu gure herriko hezkuntzak daukan ospea. Tesi asko idatzi dira hemengo pedagogiaz eta metodologiaz. Orain, garai bateko irakasleek erretiroa hartu dute eta irakasle berriak gogotsu eta prest daude lan egi-teko. Hala ere, lanpostuaren egonkortasunik eza dela medio, transmisio hori arriskuan dago. Hemendik aprobetxatu gurako nuke Hezkuntza Sailari horrelako egoeren aurrean sentsiblea izan dadin eskatzeko eta Antzuolak irtenbidea behar duela aldarrikatzeko", azpimarratu du Ramirez de Okariz irakasleak.
Carmen Pellicer pedagogoak dio "irakasle on batek haur ba-ten bizitza" alda dezakeela betirako. Eskola batek "komunitate bat eta hezkuntzak herri bat alda dezakeela"; horri erantzunez, Iñigo Ramirez de Okarizek hez-kuntzak gizartean duen garrantzia azpimarratzen du. "Ez dakit herri honek zenbateraino ema-ten dion hezkuntzari garrantzia, baina nik, agian irakasle naizelako edo, uste dut hezkuntza dela gizarte inbertsiorik onena". Hezkuntza sistemak ikasle baten bizitza alda dezake, antzuolarrek oso argi dute hori eta kontziente ere badira.
100 urte hezkuntzaren sustengu
Liburuaren azalak Herri Eskolaren izaera eta historia daramala azaldu du egileak: "Kasualitatea izan da, baina zein azal eta izenburu jarri erabakitzen ari ginela etorri zitzaigun burura ideia. Izan ere, argi nuen herrian oraindik sasoi hartako hezkuntzarekin lotutako lekukoa izan behar zela. Orduan gogoratu nintzen eskolaren eraikinaren aurrealdean dauden bi zutabeez. Eta horrelaxe jakin nuen aurten 100 urte betetzen dituztela bi zutabe horiek. Antzuolako Hezkuntza sistemaren oinarri eta sustengu izan dira 100 urtez. Sinbologiaz beteriko azala da; sasoiko hezkuntzaren inguruan geratzen den lekuko bakarra, alegia", argitu du historialariak.
Auzoetako eskolak
Antzuola oso zabala da, handia. Horregatik, Uzarraga eta herri-guneko eskolaz gain, baziren bestelako eskolak ere auzoetan. "Antzuolan, Oñati eta Azkoitia aldera baditugu baserri dezente. Hango haurrak ez ziren herriko eskoletara etortzen. Normalean, Azkoitia aldeko ikasleak Aizpurutxo auzo-eskolara joaten ziren; eta Oñati aldean Koroso inguruko baserrietan bizi zirenak, berriz, Sarramendi eskolara".1968 eta 1969. urte bitartean sortu zen Ikastola Antzuolan. "Ikuspuntu pedagogikotik alda-keta sakona ekarri zuen. Eskola nazionaleko pedagogia itxia eta magistraletik urrun, beste-lako pedagogia ekarri zuen. Askotariko txokoak, espazio irekiak, ikasle eta irakasleen arteko hartu-eman zuzena... hori guztia etorri zen Ikastolarekin. Eta orduan, Herri Ikastetxearekin bat eginik, lan bikaina egin zuten eta horri esker gaur egun ezagutzen dugun pedagogia ospetsua etorri zen".
Erakusketa zabalik
Herritarren laguntzarekin erakusketa osatua egiteko aukera izan da. Auzoetako eskoletako ikasle eta irakasleak, sasoiko eskoletako mahaiak, arbela, aulkiak, koadernoak... ere ikus-gai daude. Asteburuan, martxoaren 7an eta 8an ere ikusgai izango da Olaran etxean, 18:30etik 20:30era."Erakusketa zabalik egon den lehen asteburuan 100 lagundik gorak bisitatu du. Oso balorazio positiboa egiten dugu eta jendeak ere aitortu digu gustura ikusi duela erakusketa. Herriarekin zerikusia duen orok arrakasta izaten du beti", kontatu du Kultura teknikari Jone Larrañagak.