Jota Pizarrok memoria eta erritu kolektiboez jardun du herritarren aurrean

Maider Arregi 2020ko ots. 17a, 13:38

Jota Pizarro Txilen jaio zen arren, bere bihotzaren zatitxo bat antzuolartzat dauka. Psikologian Doktorea da eta herrikideen aurrean euskaraz aurkeztu berri du erritu kolektiboen eta horiengan emozioek duten eraginari buruzko tesia. Euskal Herria erritualen jarraitzaile dela dio Pizarrok.

Jota Pizarro: "Neure identitatea antzuolarra ere bada"

Psikologian doktorea da Jota Pizarro (Txile, 1988). Bide emozional bat gure bururantz tesia aurkeztu berri die antzuolarrei, euskaraz. Errituez eta partekatzen diren memoria kolektiboez hausnarrarazi die. Gaztelera ama hizkuntza duen arren, egun Antzuolako identitateaz bat egi-ten duela aitortu dio GOIENAri, eta euskara ikastearen garrantzia azpimarratu gura izan du ondorengo lerroen bitartez.

Emozio kolektiboak eta kultura ezberdinetako errituak dira zure tesiaren oinarri.

Asko gustatzen zaizkit errituak. Leku guztietan ikusten ditut eta ondoren konparaketa egiten dut ezagutzen ditudan errealitateekin. Ni Txilekoa naiz, eta, beraz, Txileko egoerarekin alderatzen ditut hemengo errituak. Batez ere, saiatu nintzen neurtzen errituetako elkartze kolektiboetan ze mekanismo psikologiko sortzen diren. Baita nola sortzen diren identitate partekatuak eta emozio kolektiboak ere. Mikro-soziologiaren teoriatik datorrena landu dut.

Euskal Herrian, ordea, giza taldeek errituak jarraitzeko ohiturarik badute? Identifikatuta sentitzen dira?

Euskal Herrian iruditzen zait erritu asko dagoela. Adibidez, ni Donostian bizi naiz eta donostiarrek danborradarekiko duten erantzuna eta jarrera zein den ikusten dut. Herritarrek bat egiten dute danborradarekin eta antolatzen duten ospakizuna horren bueltan datza. Erritu kolektiboei kasu eginez eta ondo pasatuz, eruen nortasun donostiar hori sortzen da eta parte-katu egiten dute. Errituekin bat egiten dute, zalantzarik gabe.

Festak, beraz, errituak ere badira, ezta?

Bai, eta herritarrek bat egiten dute. Zubietako Inauterietan egon naiz aurten, eta beste erritu mota bat da. Baita maskaradak ere; oso erritu interesgarria dela uste dut.

Eta Antzuolan Mairuaren Alardea.

Bai. Oso erritu famatua da, eta herritarrek partekatzen dutena, gainera. Antzuolarren artean eta hemengo errealitatean guztiz errotua dago. Bai jai eta ospakizun gisa, baina baita tradi-zioa, balioak eta sinboloak mantentze aldera ere.

Emozioak psikologian estuki lotuta daude nortasunarekin.

Errituetan ikusten duzu ekitaldi batek pertsonengan sortzen duen emozioa. Erritu hori partekatzen dutenek alaitasunez, harrotasunez, zoriontasunez bizi dute. Horren adibide da Antzuolako Alardea, esaterako. Psikologia sozialean asko ikertzen dira emozioak. Zer bultzarazten duten emozioek, zer lortzen dugun emozioen bidez, zergatik sentitzen ditugun emozio batzuk eta beste batzuk ez... Nik, batez ere, zentzu funtzionalean jarri dut arreta. Emozio jakin batzuekin zer gertatzen zaigun indibidualki nahiz kolektiboki.

Euskara ikasteko hautua ere egin duzu; zergatik?

Nire bikotekidea euskalduna da eta hona etortzeko hautua egitean euskara ikastea erabaki nuen. Nire kuadrilla ere antzuolarra da eta hemengo bizitzan integratzeko, inguruaz ohartarazteko eta kalean gustura sentitzeko ezinbestekoa da euskara ikastea. Donostian bizi naizen arren, nire identitatea antzuolarra da.

Euskaraldia identitate ekintza da. Bat egin duzu?

Bai, noski; Euskaraldia erritua da. Belarriprest-a izan nintzen iaz. Gainera, taldetxo batekin Euskaraldiaren gaineko ikerketa egin nuen eta emaitzak laster ikusiko ditugu.

Kanpotik datorrenari edo beste lurralde batera doan horri zer esango zenioke?

Joaten den lekura joanda, bertako errituak ezagutu behar dituela, ezinbestean. Lurralde horretako gizartea nola bizi den ezagutu behar duela dinamika sozialetan sartuz.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak