Bizirik dagoen herri inklusibo baten alde lanean

Maider Arregi 2020ko urt. 24a, 11:45

Gipuzkoako Foru aldundiak lehenengoz jarri du martxan Inklusibe programa. Antzuolako herria aukeratu du lehen proba gisa eta jada herritar talde bat hasi da batzarrak egiten. Helburua bazterkeria egoeran dauden herritarrak identifikatzea da.

Lehenengoz eta proba pilotu gisa, Inklusibe programa jarri du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak Matia fundazioaren gidaritzapean. Helburua inklusioan nahiz bazterkeria egoeran daudenak identifikatzea da. Modu horretan, bazterkeria egoeran sentitzen den kolektiboari ahotsa ematea eta herrira gerturatzea gura dute.Herritar talde bat dagoeneko hasi da batzarrak egiten Matia fundazioko dinamizatzaileekin. Lehen urratsak egin dituztela azaldu du Gizarte Ongizate zinegotzi Josune Martinez Ramirezek: "Herrian jendarte orokorra aztertu gura dugu. Hala, dauden inklusio eta bazterkeria egoerak aztertuko ditugu saio ezberdinetan. Horretarako, lehenik eta behin, definitu behar dugu guretzako zer diren inklusio eta bazterkeria egoerak. Hala, bazterkeria egoeran egon daitekeen kolektibo hori herriko mugimendura gerturatzeko".

Talde zabala

Diputazioko Matia fundazioak dinamizatzen ditu saioak. Ba-tzarrak hilero egiten dituzte, eta egitasmoak zein bide hartuko duen parte hartzaileek adostuko dutela dio Martinezek: "Askotariko esparruetako eragileek osatzen dute taldea: dantza taldeko kideak, Anelkarkoak, mugimendu feministaren ingurukoak, enpresatan dihardutenak, futbol taldeko kideak... talde polita eta konpromisoduna sor-tu dugula uste dut".

Herri konprometitua

Antzuolan bada aurrekari bat: Herri Lagunkoia programa, hain zuzen ere. Hau ere, Matia fundazioak herriko nagusien ongizatea ardatz herri atseginagoa eraikitzeko asmoz gidatu zuen programa. Eta Antzuolan ekimen honek izandako arrera aparta ikusita, Matia fundazioak Inklusibe ekimena ere Antzuolan abiarazteko zalantzarik ez du izan. "Herri Lagunkoiak balorazio eta hausnarketa oso ona izan zuen. Asmoa da behin Antzuolan egin ostean Donostiara eta Lasartera ere zabaltzea".

Emaitzak, ekainean

Inklusibe programak adinekoak ditu abiapuntu. Hala ere, sortu-tako talde eragileak ondorioztatzen dituen beharren arabera jokatuko du eta jarriko du arreta. "Taldeak jarriko du norabidea, eta bazterkeria egoeran sentitzen diren herritarrei ahotsa emango zaie. Denen artean bizirik dagoen herri inklusiboa eraikitzen joatea da asmoa". Ondorioak jasoko dituen txostena ekain aldera aurkeztuko du Gipuzkoako Foru Aldundiko Matia fundazioak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak