Jesus Kortabarria: "Nire hutsunea norbaitek betetzea nahiko nuke"

Maider Arregi 2020ko urt. 17a, 09:25

45 urtean aritu da herriko txirrindularien bizikletak konpontzen kortabarria. orain, erretiroa hartuko duen arren, Lokatza taldeari lotuta jarraituko duela dio

Lau hamarkada pasatxoan ibili da lantegiko lana amaitu eta bere denbora librean, arratsaldero, txirrindulari eskolako gaztetxoen bizikletak konpontzeko lanak egiten Jesus Kortabarria Kaxeta. Erretiroa hartzeko garaia iritsi zaiola kontatu dio GOIENAri.

Txirrindularitza pasioz bizi izan duzu beti.

Bizikleta gainean ere ibilia naiz lehiatzen, nahiz eta lorpen handirik izan ez. 22 urterekin soldadutza amaitzean ekin nion nire kasa bizikletak konpontzeari; eskua sartu eta aurrera!

Herrian bizikleta asko zeuden?

Orduan, bazeuden bizikletak herrian. Zaletasuna beti egon da; ez orain bestekoa, noski. Sasoi hartan, denek ezagutzen genuen elkar errepidean; gaur egun, ez dut inor ezagutzen.

Bereziki, txirrindularitza eskolako gaztetxoei lagundu izan diezu.

Aurrena, Peña Aiastuin jardun nuen, lehendakari; ondoren, Lokatza txirrindularitza eskolan. Bertako bizikletak konpontzen eta mantentzen jardun dut, nagusiki. Orduan, neska-mutikoei uzten zitzaizkien bizikletek arazoak izaten zituzten eta neuk konpontzen nituen. Aisialdiko denbora horretan eman dut.

Asko aldatu da lan mekanikoa.

Ikaragarri eboluzionatu du. Lehen, aldapa handiak igotzen genituen bi platerekin eta bost pinoirekin. Azkar etorri da eboluzioa eta oraindik ez dakit noraino iritsi behar duen. Orain, dena elektronikoa da; pixkana, tresnak erosi behar izan ditut.

Onenen bizikletak zure eskuetan.

Etxabe anaiak, Mikel Aristi, Julen Irizar eta Eneko Lizarralde. Nirekin ibili ziren eskolan eta oso oroitzapen onak ditut bihotzean gordeta.

Zaletasuna bai baina auzolan gutxi.

Lokatzaren ardura bi lagunek soilik daramate. Jendearen laguntza behar da lasterketak antolatzeko. Gizartea asko alda-tu da eta auzolan hori eskastu egin da. Hemendik herritarrak animatu gura ditut.

Erreleboaren zain

Osabaren txabolan zuen lehen tailerra. 2005ean, txabola bota zuten eta Eguzki auzora joan zen Kortabarria: "Zalantzan egon arren, jendeak animatuta jarraitu nuen 2005ean. Orain, nire hutsunea besteren batek betetzea nahiko nuke. Irakasteko prest nengoke. Bailaran bada zerbitzua ematen duenik, baina Antzuolan hutsunea geratuko da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak