Inbertsioetarako 450.000 euro inguru jaso ditu 2020rako aurrekontuak

Maider Arregi 2019ko abe. 19a, 13:14

Guztira, 2.926.500 euroko aurrekontua izango du 2020rako Antzuolako Udalak. Ezohiko osoko bilkuran asteon onartu berri da proposamena EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin. PSEk aurkako botoa eman du. Aurrekontu proposamena, orain, jendaurrean jarriko dute ikusgai eta alegazioak egiteko epea ere zabalduko da.

 Inbertsio garrantzitsuak

Udal Gobernuak adierazi du 450.000 euro pasatxo bideratuko dituztela datorren urtean egingo diren inbertsioetarako. "Argi geneukan Olarango eta Eztalako lanek, lau urtetan zehar egingo den Plan Orokorrak, liburutegia Torresoroara bueltatzeko eta udal gimnasioa martxan jartzeko kudeaketak baldintzatutako aurrekontuak izango zirela. Izan ere, 2020an martxan egongo da gimnasioa. 18.000 euroko inbertsioa egingo dugu kirol makinak eskuratzeko leasing sistemaren bitartez", azaldu du Beñardo Kortabarria alkateak.

Olaran etxeko berritze lanak egiteko, aldiz, aurten 91.000 euro bideratuko dira eta beste hainbeste datorren urtean: "Proiektua esleituta eta erdi eginda dago. Olarango obra 2020ko udaberrian hastea da asmoa". Bi urtetan zehar egingo da obra eta 2021ean amaituko da. "Igogailua jarriko da eta goiko eta beheko pisua lotuta geratuko dira. Horrela, irisgarria izango da eraikina; tabike batzuk bota eta beste gela handi bat ere egingo da. Besteak beste, margotze lanak, instalazio elektrikoa berritzeko obra edo telekomunikazio sarea egokitzekoak egingo dira". Guztira, 180.000 euro inguruko kostua izango du eta bi urtetan ordainduko da.

Eztalako lanak ere abiatuko dira. 282.000 euroko diru partida bideratuko da aldagela berriak egiteko –Antzuolako Udalak, Gipuzkoako Diputazioak eta Bidegiren aseguruak adostutako hitzarmena dago–.

Parte hartze prozesua

Antzuola eitten prozesuaren baitan, herritarrek hala eskatuta, beste bi gai hausnartuko dituzten: lehena, jolasguneen gainean; bigarrena, berriz, Errekalde auzoaren egoeraz. Auzotarrei zer-nolako auzoa gura duten galdetzeko izango da, alegia. Diruz inbertsio txikiak diren arren –12.000 euro–, Udal Gobernuak herritarren ahotsa entzuteak duen garrantzia azpimarratu du.

Berdintasun politikak sustatuz

Azpimarra egin berdintasun politikak sustatzeko 9.000 euroko partida aho batez onartu duela udalbatzak. Hala, Antzuolako berdintasunaren ikuspegia jasoko duen ekintza plana egingo da. Indarkeri matxistarekin lotutako sentsibilizaziorako kopurua ere laukoiztu egin dute: 5.000 euro bideratuko da.

Bestelako inbertsioak

Plan Orokorra idazteko 15.000 euro bideratuko dira. "Plegua prest dago eta lehiaketara aterako da proiektua idazteko. Datorren urtean emango genioke hasiera lau urterako plan honi", argitu du Antzuolako alkateak. Kaleak mantentzeko –arketak, barandak, espaloiak, bankuak...– 70.000 euro bideratuko dira. Baserrietara ura eramateko sarea egiteko, berriz, aurten ere 40.000 euro: "Azken fasea egingo da 2020an. Ur Kontsortzioak eta erabiltzaileek zerbitzua jasotzeko altak sinatu dituzte. Hala, hasiera emango zaie Arlutzetik Zumarraga alderako lanei. Irimoi ingurua bestelako konponketa mota bat egiteko geratuko da ordea". Gizarte Zerbitzuetara –babestutako etxeak eta eguneko zentroa– 260.000 euroko partida bideratuko da eta aipatu ere Narruolako historia eta testigantzak jasotzeko bideoak egingo direla –5.000 euro–. "Testigantzen ikus-entzunezkoa egingo dugu eta 2021erako Narruolako eraikinean zer egin erabakiko dugu".

Eta gaztetxea eta gazte txokoa kudeatzeko 10.000 euro bideratuko dira. "Ikuspegi feminista duen proiektua lantzen ari da neska talde bat. Hilean behin ekintzaren bat egiteko asmoa dute. Ez dugu nahi aurrez gertatu dena gertatzea", argitu du alkateak.

Zorrari dagokionez, 185.700 euro pasatxo amortizatuko ditu udalak. Oraindik 700.000 euro inguruko zorra dauka, baina.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak