Etorkizun bila, Alemaniara

Maider Arregi 2019ko aza. 15a, 10:46

Extremaduratik Gipuzkoara eta Gipuzkoatik Alemaniara; aukera bila migratu duen familia antzuolarraren istorioa esfortzuz eta emozioz beterik dago. Juan Tenak eta Maria Antonia Martinek etxeko ateak eta bihotzak ireki dizkiote Goienari.

Esfortzuaren eta lanaren ondorioz bizitako migrazio istorio hunkigarria dute Juan Tenak eta Maria Antonia Martinek. Biak, Badajozeko Quitana de la Serena herrikoak. Sasoi hartan, Extremaduran industria ez zegoen horren aurreratua eta aukera berrien bila Juan Tenak Tolosaldera joateko aukera aprobetxatu zuen: "Lehengusu batek animatuta etorri nintzen Ibarrara 18 urterekin. Orduan lan asko zegoen Euskal Herrian eta aukera gehiagoren bila etorri nintzen. Gainera, Ibarrako paper fabrikan nire osabak eta lehengusuak lan egiten zutenez, familiaren babesa ere baneukan. Nik Tolosan egiten nuen lan". Eta Tolosako Udalaren eskutik Alemaniako Paderborn herrian lan egitera joateko aukera sortu zitzaion. "Nire lehengusua eta zenbait herrikide Alemanian zeuden lanean. Kontratuaz lan egiteko eta diru gehiago eskuratzeko aukera nuela ikusarazi zidaten. Extremaduran, aldiz, lan asko egiten zen, baina baldintzak eta soldatak oso kaxkarrak ziren". Hunkituta azaldu du Maria Antonia Martin emazteak Alemaniara joateko egin zuen hautuaren arrazoiak: "Granitoaren edo nekazaritzaren esparruak besterik ez geneukan lan egiteko Extremaduran. Eta emakumezkoendako ezertxo ere ez, jakina. Etxean haurrak zaintzen geratzea, besterik ez. Aitona-amonekin bizi ginen guztiok. Ni 7 urterekin hasi nintzen lanean, eta txurroak saltzera joaten nintzen goizean. Ondoren, haurrak zaintzen jarduten nuen. Lan egiteko, eskola utzi egin behar izan nuen, tamalez".

Paderbon, aukeren herria

Senarrak hiru urte zeramatzanean Alemaniako Paderbon lantegian, Martinek argi zuen bere albora joan gura zuela: "26 urterekin eta ezkondu berri, zer egingo nuen, bada? Extremaduran geratu besterik ez nuen. Senarrarekin egoteko, familia bat sortzeko eta etxe bat erosteko asmoz animatu nintzen Alemaniara neu ere". Jaioterritik irten zen lehen aldia izan zen. "Ez geneukan ezeren beldurrik. Beno, senarra han nuen –hiru urte zeramatzan Alemanian orduan– eta nolabait babestua nengoen. Paperak eskuratzeko, ordea, baldintza bakarra jarri zidan lantegiak: lehen sei hilabeteak lanik egin gabe egotea. Baina aspertu egiten nintzen eta lagun baten emaztearekin bulegoak edo antzokiak garbitzera joaten nintzen".

Elkarbizitza, Alemanian

Galiziako bikote batekin etxea konpartitu zuten. "Oso harreman estua egin genuen. Lana batera egiten genuen eta leku guztietara elkarrekin joaten ginen, baita erosketak egitera ere. Bizikidetza oso ona izan genuen eta elkarrekin egon ginen lau urteetan oso ondo moldatu ginen. 40 urte baino gehiagoren ostean harremana mantentzen dugu eta elkarren berri dugu, pentsa". Esperientzia aparta izan zela diote senar-emazteek, eta komunitate propioa ere osatu zutela: "Galiziarrak, madrildarrak, murtziarrak... oso ondo moldatzen ginen. Alemanaren beharrik ez geneukan eta une jakinetan itzultzailea jartzen ziguten. Hango enpresariek gu langile finenak ginela zioten, gainera".

Herri mina

Familiaren buruan, baina, Euskal Herrira bueltatzeko nahia beti egon da. "Argi geneukan Extremadurara ez ginela bueltatuko. Han nekazaritza besterik ez geneukan. Osaba Antzuolan izanik, bertan etxea erosi eta bizitzen geratzea erabaki genuen", dio Martinek. Baina bada pasarte gogor bat Maria Antonia Martinek barruan gordeta daramana. "Haurdun geratu nintzen eta erditzera Extremadurara joan nintzen. Umeak 40 egun zituela, ordea, Alemaniara bueltatu nintzen lanera.

13 hilabetez egon nintzen semea ikusi gabe; oso gogorra izan zen. Semea nire amak, amonak eta ahizpak zaindu zuten. Baina erosi berri genuen pisua ordaintzen amaitzeko lanera bueltatu beharra nuen", hunkituta kontatu du Martinek. Antzuolan izan dute, aldiz, aukera berri bat. Tenak orduko Ariel enpresan lan egin zuen; Martinek, berriz, zaintza eta garbitasuna lanak egiten zituen. Babesa erakutsi dien komuni-tatea aurkitu dutela diote: "Antzuola ez dut ezergatik aldatzen. Hiru herrialdetan bizi izan gara, bakoitza bere kultura eta ohiturekin. Guztietara egokitu gara eta ez dugu inolako arazorik izan. Aitzitik, berriro egingo genuke guztia; beno, semea 13 hilabetez uztea izan ezik. Semeak ere antzuolarrak dira eta D ereduan matrikulatu genituen. Oso maitatuak sentitzen gara Antzuolan eta bihotzez eskertu gura diet guganako izan duten prestutasuna", azpimarratu du Maria Antonia Martinek.

Alemaniara 43 urteren bueltan

Familiak 43 urteren ostean kendu du arantzatxoa eta bizitoki izan zuten herrira bueltatu dira. "Istorio asko entzun ditugu eta Paderbornera bidaia oparitu diegu gurasoei. Beti gura izan dute berriro itzuli. Egia esan, bidaia zoragarria izan da eta bizitako oroitzapen asko ekarri dituzte bueltan", dio Diego Tena semeak. "Kaleak, eliza, lantegia, bizi ginen etxea.... berriro ikustea hunkigarria izan da. Lantegira ere sartu ginen eta harrerakoari nominak erakutsi nizkion. Harrituta geratu zen langilea gure istorioarekin", azaldu du Martinek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak