Antzuolan batutako janaria, Lesboseko errefuxiatuendako

Eneko Azurmendi 2019ko eka. 21a, 11:14

Antzuolako Herri Eskolako 5. mailako B gelako 12 ikasleek janari bilketa bat egin dute, Maria Urien tutorearen eta Ainitze Segurola koordinatzailearen laguntzarekin. Sukaldaritza lantzen aritu dira, eta horren ondorioz, Zaporeak GKErekin elkarlanean egin dute bilketa.

Martxoan, komunikabideetan jakin zuten Zaporeak GKEaren berri, eta klasera eraman zuten gaia. Kasualitatez, gainera, Segurolaren laguna den Xabi Gesalaga oñatiarra Lesbosen zegoen momentu haietan, eta proposatu zion handik bueltatzean klasera joateko bere esperientzia kontatzera. "Lehenengo momentutik oso prest azaldu zen eta apiril hasieran, han bizitakoak kontatu zizkigun. Etxetik prestatuta ekarri zigun han ematen zuen otordu baten simulazio txiki bat, baita han erabiltzen zituztenen antzeko lapiko handi batzuk ere. Ikasleei kontatu zien nola lan egiten duten han, zergatik antolatzen diren horrela, eta abar. Horrez gain, argazki pila bat erakutsi zizkien: errefuxiatu kanpalekuetako etxeak nolakoak diren, han nola bizi diren...", dio Segurolak.

Esperientzia hori gertutik bizi izan duen baten ahotik entzun izana "oso garrantzitsua" izan da ikasleentzat, eta, irakasleen laguntzarekin, janari bilketa bat egitea erabaki dute.

Aste Santuaren bueltan hasi ziren guztia antolatzen. "Zaporeak taldekoekin harremanetan jarri ginen, nola lagundu genezakeen jakiteko, eta momentu haietan ze janariren beharra zegoen esan ziguten. Gero, ikasleek euren proposamenak eman zituzten, ea zer egin genezakeen Antzuolako jendeari honen berri emateko. Beraz, ohar batzuk idatzi zituzten, euskaraz zein gaztelaniaz, eskolako gainontzeko ikasle guztien etxeetara bidaltzeko; Goienara ere bidali zuten informazioa, eta bi kartel erraldoi prestatu zituzten eskolako sarreran jartzeko, jendea animatzeko", azaldu du Segurolak.

Kantitatea, gutxienekoa

Ekainaren 6tik 14ra egin dute bilketa, eta honako hau batu dute: 26 poltsa makarroi, 25 kilo dilista, 11 kilo garbantzu, 19 kilo arroz, 10 kilo babarrun, 26 lata atun, 11 lata sardina, bederatzi litro olio eta espezieen 23 pote. "Ez da asko izan, auto batean sartzen da batutako guztia, baina gustura geratu gara bilketarekin. Gainera, bukatuta egon arren, eskolako sarreran ditugunez, oraindik ekartzen jarraitzen du jendeak".

Bestalde, bilketa honek asko lagundu die ikasleei, eta asko ikasi dute, Segurolaren esanetan. "Gainontzeko ikasleei eta gurasoei ere azaldu diete zer batu gura izan duten, zergatik, eta abar. Gero, ikasi dute ze janari bidali daitekeen eta ze ez. Inplikatuta ibili dira, eta pozik egin dute lan", azpimarratu du.

Bilketa honen helburua "balioetan heztea" izan da, batez ere. "Helburua izan da ikasleek kontzientzia hartzea gainontzeko guztiek ez daukatela guk daukaguna; besteen lekuan jartzea, eta nork bere txikitasunetik ekarpena egin dezakeela konturatzea".

Datorren astean etorriko da Zaporeak taldeko ordezkari bat janaren bila, gero Lesbosera bidaltzeko. Aste honetan etortzekoa zen, baina ezin izan du, azkenean. "Pena da, ikasleak oporretan egongo direlako datorren astean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak