Ikustea oso zaila den indarkeria matxistaz jardun dute antzuolarrek

Maider Arregi 2019ko eka. 6a, 11:51

Egunerokoan eta modu oso sotilean azaltzen dira mikromatxismoaren zantzuak. Jendarte eredu matxista batek ezarriak direla dio Emagin elkarteko kide Aiora Epeldek. Genero eraikuntzaren esparruan oraindik ere asko egiteko dagoela dio.

Antzuolako Udaleko Gizarte Sailak antolatuta, mikromatxismoaren gaineko solasaldi irekia egin zuten martitzenean. Herritar ugari gerturatu zen egun kulturalki horren barneratuta dauden mikromatxismo jarreren gainean hausnartzera. Alaitz Igartzabalek, jarduneko Gizarte Ongizate zinegotziak, esan zuen egunero dela Martxoaren 8a: "Matxismoaz urte guztian zehar berba egin beharra dago. Egunero egin behar zaio aurre matxismoari".

Emagin ikerkuntza eta formakuntza feminista elkarteko kide Aiora Epeldek eman zuen solasaldia. Baina zer da mikromatxismoa? "Indarkeria mota oso sotila da. Ikustea asko kostatzen den indarkeria mota bat da. Azken finean, emakumea gutxietsi eta diskriminatzen duen indarkeria isila. Izate konkretu batekin lotzen den indarkeria sotila da mikromatxismoa". Genero eraikuntzarako, mikromatxismoa ezinbestean albo batera utzi beharra dagoela azpimarratu zuen Epeldek: "Benetan eskubide berdintasunean oinarritutako jendarte eredua behar baldin badugu, pertsona orok izan beharko du nahi den hori eta nahi duen elementuekin. Eraikitzeko eskubide eta libertate osoa izan beharra dauka".

Baina norberaren identitatea askatasun osoz aukeratzea gaur egun oso zaila dela dio Emagin elkarteko kide Aiora Epeldek: "Eraikitzeko eskubide eta aska-tasun hori gaur egun ez dela existitzen ikusten dugu. Genero maskulinoa eta genero femeni-noa horren ezarria eta naturalizatua duen jendarte eredu baten baitan ezinezkoa da-eta nork bere identitatea askatasun osoz eratzea. Izan ere, genero bakoitzak oso ezarriak ditu bere ezaugarriak".

Non azaleratzen da?

Aipatu bezala, mikromatxismoa oso sotila da eta eguneroko kon-tuetan oso barneratuta dago. Epeldek zenbait adibide jarri zituen mikromatxismo zantzu horiek identifikatzen laguntzeko: "Neska bat eta mutil bat taberna batetara sartu eta garagardoa eta kafea eskatzen badute, zu-zenean garagardoa gizonezkoari aterako diote eta kafea ema-kumeari. Baina zergatik? Garagardoa bai emakumeek eta baita gizonezkoak edan dezakete. Gizartean, gure imajinario kolektiboan ezarria dago alkohola gizonezkoendako gehiago dela. Etxeko kontuetara joanda, zen-bat aldiz entzun behar izaten dugu emakumeok etxeko lanetan lagundu egiten digutela. Mikro-matxismoa identifikatzea zaila da, oso barneratua dugulako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak