Eskolak egun duen pedagogia sustatzeko gogor egin dutela lan esan dio Maria Eugenia Irazabalek GOIENAri. Orain, baina, pedagogia propio horren etorkizunak kezkatzen duela ere aitortu dio.
Antzuolako Ikastolaren eta Herri Eskolaren arteko bateratzea bizi izan zenuen.
Bai; ni, berez, Ikastolan hasi nintzen irakasle, baina herri txiki batean bi ikastetxe egotea ez zen bideragarri ikusten. Bateratzeak onura asko ekarri zion herriari, bateratze hori izan da Antzuolako hezkuntza pedagogikoaren gakoetako bat. Eskola baten beharra zegoela argi ikusten zen; baina garai hartan ere ez zen erraza izan adostea, pentsaera eta ideologi ezberdinak zeuden eta. Baina guztiok helburu bera genuen: eskola bakar bat izatea non herriko haur guztiek elkarrekin ikasiko zuten. Hau aurrera eramateko irakasle talde egonkor baten premia ikusten zen, eta ezinbestekoa izan zen, noski, gurasoek egindako lana Hezkuntza Sailarekin izandako harremanetan.
Urte askoan talde finko bat aritu zarete ereindako hazi hura zabaltzen.
Bai; horri esker eta familien prestutasunari esker pedagogia berritzailea eraikiz joan gara. Esan beharra dago garai hartan gure eskualdean kabinete psikopedagogikoa zegoela eta elkarlanean aritu ginela, teoria eta praktika uztartuz.
Antzuolako eskolak iturri askotatik edan duela diozu.
Korronte ezberdinak ezagutzen joan gara: psikomotrizitatean Acouturier-en teoria, ikasketa prozesuan Piaget-en teoria, konstruktibismoarena... etengabeko formakuntza izan da gakoa.
Bartzelonarekin ere harreman handia izan duzue.
Sasoi hartan, Bartzelona aldetik zetozen haize berriak, eta kabineteko kideek harreman estua zuten IMIPAEko taldeko kideekin. Irakasleen talde-lana azpimarratuko nuke. Ondoren, Carlos Gallegorekin eta bere taldearekin ere harreman estua izan dugu. Elkarrekin hainbat lan egin dugu, gainera. Baina gure helburua haurren ongizatea eta ikasketa prozesuan bidelagun izatea izan da. Horretarako bi-deak ipintzen saiatu gara, taldekide bakoitzaren erritmoak eta egiteko era ezberdinak errespetatuz, elkarri lagunduz eta elkar babestuz; beti helburu berarekin lan eginez.
Batu zintuzten pedagogia horren etorkizuna zalantzan dago orain.
Eskola aldaketa handiak jasaten ari da; haur kopurua bikoiztearekin batera, hasierako talde hura erretiroa hartuz doa. Gaur egun, irakasleen mugimendu handia dago eta ezegonkortasun horrek desoreka sortzen du, eta guk urteetan eraikitzen joan garena transmititzea ez zaigu erraza egiten. Irakasle talde finko bat badago lanerako gogotsu, baina talde txikia da. Talde sendo bat lortzeko helburuarekin lanean dihardute grasoek, irakasleek eta Udalak. Baina Eusko Jaurlaritzako Hez-kuntza Sailak du azken hitza.