2018an abiatutako Euskara Plana onartu zuten eta izaera ofiziala eman zitzaion EH Bildu eta EAJ alderdien aldeko botoei esker atzoko osoko bilkuran. Alderdi sozialista abstenitu egin zen.
Euskara Plana, 2022ra bitartean indarrean egongo da Antzuolako Udalean eta helburua dauka Udal langileen euskararen erabilera sustatzea. "Plan honen bitartez, Udal langileek herritarrekin euskaraz hitz egitea ez ezik, euren artean ere euskaraz jardutea du asmo. Udaleko barne erabileran ere euskara indartu gura dugu modu honetan. Euskara bultzatu gura dugu eta lehen hizkuntza erreferentzia euskara izatea gura dugu. Beti ere hizkuntza eskubideak errespetatuz, noski. Hau da, gaztelaniaz jardun gura duenak eskubidea izango du eta bi hizkuntzatan jasoko luke zerbitzua", argitu gura izan du Jon Ugarteburu Euskara zinegotziak. Hau da, Udaleko langileen eta herritarren arteko lehen hitza euskara izan dadila bermatu gura du Udaleko Euskara Planak. Beti ere, hizkuntza eskubideak errespetatuz.
Plan hau, baina, ez da berria Udal langileendako. Aurrez ere langileekin batzarrak egin dituztela aitortu du Jon Ugarteburu Euskara zinegotziak. "Esan moduan, euren arteko funtzionamenduan eta kanpokoan du eragina. Hala nola, telefonoz jardutean, udal bandoa kaleratzean, udal webguneko jardueran, harrerako gertuko zerbitzuan, e-mailak idaztean... arlo guztietan euskara izatea lehentasuna gura dugu. Dena kontenplatzen du plan honek-eta".
Modu naturalean
Euskara Planari modu oso naturalean atxiki direla langileak eta herritarrak aitortu du Ugarteburuk. "Aurre-diagnostikoan jasota dugun bezala. Modu naturalean sortuko dira euskara ardatz duten harremanak eta elkarrizketak".
M8ko erakunde adierazpena
Azpimarratu ere, martitzeneko ohiko osoko bilkuran, alderdi guztiek aho batez onartu zutela martxoaren 8ko greba feminista babesteko erakunde adierazpena. Hala, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako grebara atxikitzea, eta erakundea osatzen duten emakumezko hautetsi eta langileei greba egin ahal izateko erraztasunak ematea onartu zuten. Era berean, antzuolarrei ere dei egin diete udal ordezkariek herriko mugimendu feministak deitutako mobilizazioetan parte hartzera gonbidatuz.