Aurtengoak aurrekontu "bereziak izan" direla azpimarratu du Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak. Iazko uholdeek markatuta, hainbat erabakik aurrekontuan izan dute-eta isla: Torresoroako obraren auziak edo AUE desegiteak, besteak beste.
Herritarrek etorkizuneko Antzuola nolakoa gura duten ere oinarri izan dutela aurrekontuak egiterako garaian azpimarratu du alkateak.
Antzuolako Udal Etxegintza S.A.
Antzuolako Udal Etxegintza S.A. desegin ostean etorri den diru sarrerak "puztu" duela aurtengo aurrekontua 253.000 euro gehiagorekin azaldu du Beñardo Kortabarriak. Baina, era berean, AUE desegiteak ahalbideratu du Torresoroako obra hastea ere. Kortabarriak gaineratu du, Torresoroako obraren kostuaren %97az asegurua egingo dela kargu. Gainontzeko %3a jada erreklamatu diote Bidegiri: "Erreklamatutakoa ez dakigu iritsiko ote den. Gure asmoa da Torresoroan hobekuntzak egitea. Gerakinetik aterako dugu dirua horretarako. Sarrerako bigarren atea automatiko jarriko dugu, gizarte laguntzailearen inguruko segurtasun kontuak direla-eta kamera jarriko dugu, ikasteko gune berria sortzeko ate bat ere aterako dugu edo kanpoaldea ere margotuko dugu, besteak beste".
Eskolako obra
Eskolako obrak ez du zuzenean aurrekontuetan eragiten, baina bai zeharka: "Ohartu gara haurreskola eskolako eraikinean dagoela eta obra gunetik kanpo mantendu beharreko zerbitzua dela. Horregatik gaztetxokora eramango da zerbitzua". Egokitzapen lanak egin behar dira ordea eta 25.000 euro inguruko kostua izango dute lanok. "Zerbitzua estrategikoa eta oso garrantzitsua da Antzuolarendako beraz, beharrezko egokitzapenak egingo ditugu. Gaztetxokoa berriz, haurreskolara ekarriko da". Auzolanean egingo da trasladoa eta maiatzerako haurreskola gaztetxokoan egongo da; apirilerako gazte txokoko kurtsoa amaitu egingo da ondorioz".
Olaran etxea
Olarango eraikina zaharkitua geratu da eta gaur egun ez du irisgarritasun araudia betetzen. "Aurreproiektu bat egin dugu barrutik igogailua jartzeko. Komunak ere berriztu egingo ditugu eta txukundu orokor bat eman telekomunikazio instalazioak ere berrituz. Goiko pisuan gainera, areto handi bat egingo dugu. Beheko pisuan dagoenaren tamainakoa. 170.000 eurokoa da inbertsioa eta bi urtetan ordainduko da. Aurten 90.000 euro eta 80.000 euro, 2020an. Irailean hasi gura ditugu lanak".
Eztala
Oraingoz Eztalako aldagelako obrak ez dauka aurrekontuan isla; baina gauzak argitzean txertatuko direla aurreratu du Antzuolako Udal Gobernuak. "Eztalako aldagelak egiteko hitzartuta daukagu GFAko Kirol sailarekin bi urterako hitzarmena sinatzea. Hitzarmen horren arabera, erdibana ordainduko dugu Azpiegituren departamenduak ordainduko ez duena. Asteon jakingo dugu aldagelan eragindako kalteengandik Bidegiren aldetik zenbat diru iritsiko den. Ahoz esan digute 72 mila euro + bez iritsiko dela aldagelen proiektua abiarazteko. Kopurua zehatz dakigunean aurrekontuan sartuko dugu eta hitzarmena ere sinatuko dugu Aldundiarekin".
Parte hartze prozesua
Antzuola eitten prozesuan herritarrek eskatutako hainbat gai ere aurten abiaraziko ditu Udalak. "12 urteko epean aurrera eramateko erabakiak adostu genituen parte hartze prozesuan eta horiek aurrera eramango dira".
Kultura hausnarketa da landuko den gai horietako bat. "Parte hartze prozesuan irten zen gai nagusietako bat izan zen Antzuolan dagoen kultura eskaintzaren gainean hausnarketa egitearen beharra. Kanpoko aholkularitzarekin landuko dugu eta 9.000 euro bideratuko dugu".
Antzuolako egoera sozioekonomikoaren azterketa ere abiatuko dute. Baita ere, Errekalde eta Beheko auzoaren gaineko hausnarketa ere. "Bi auzo horiek degradatzen ari direla eta berriro duintasuna itzultzeko hausnarketa gura dute herritarrek egin. Nolabait pentsatu behar dugu auzo horiei duintasuna nola itzuli eta herritarrok gure senti ditzagun berriro. Bilerak proposatzeko gutunak bidaliko ditugu helburu jakin batekin: zer egin genezake denon artean auzo hauek hobetzeko?". Hasiera batean zero kostu duten ekimenak badira ere, aurrelana eskatzen dutela nabarmendu du.
Berdintasunaren alorrean lanean jarraitzeko hiru mila euroko diru partida bat ere bideratuko da aurten. "Berdinbidean-en gaude eta parekidetasunaren aldeko jarrera sustatzen jarraituko dugu. Antzuolan bada helburu bera duen mugimendua. Jende asko mugitzen dute eta kontzientziazio lan handia egiten dute".
Bestelako hainbat lan
Hainbat txukuntze lan egingo dira aurten ere. Bide publikoetan 33.000 euroko inbertsioa egingo da esaterako. “Iaz hainbat auzotan asfaltatze lanak egin genituen, eta bide publikoei jarraipena emateko diru partida bideratu dugu aurten ere". Eta landa bideetarako beste 23.000 euro bideratuko ditugu.
Eskolako balkoia ere berrituko dugu herdoildua baitago, 15.000 euro.
Baserrietara ura eramateko lanek beste 40.000 euro jasoko dute aurten ere. "Beste fase batekin jarraituko dugu eta Irimoi aldean egingo ditugu lanak. Baserrietako ura baina, sarera egokitzea adostu dugu ur kontsortzioarekin eta beste 18.000 euro bideratuko ditugu eskatutako aldaketak eta egokitzapenak egiteko".
Patioko itxidurarako 40.000 euro jaso ditu aurrekontuak. Hala ere, eskolako obren ondorioz, osorik ezingo dela patioa itxi aurreratu du alkateak: “Aurrefabrikatutako gelak patio ondoan egingo dira eta eskolarako sarrera zuzena egin behar zaio. Horregatik zati bat itxiko dugu aurten ziurrenik".
EAJ, abstenitu
"Gurekin ez dute ezertarako ere kontatzen eta komisiotatik ere ez dira aurrekontuak pasatzen. Horregatik abstenitu gara. Ondo iruditu zaigu kulturan eta hezkuntzan gehiago inbertitzea. Baita herriko jaietan ere aurten diru partida handiagoa bideratzea. Hori aldarrikatu dugu guk behin eta berriro. Badirudi hauteskundeak gertu daudela eta horregatik egin dutela. Ea behingoz planteatutako inbertsioak aurrera eramaten diren aurten eta atzerapenik gabe egiten diren. Eta ez orain arte bezala", azaldu du Basilio Ormazabal bozeramaile jeltzaleak.
Alderdi sozialista, aurka
Miren Arrate Gallastegik iazkoarekin alderatu eta "deja vu" gisa izendatu ditu aurrekontuak. Alderdi sozialista ez dago ados Udalbiltzari edo ETAko presoak bisitatzera joateko familiei ematen zaien laguntzarekin. Udal Gobernuari leporatzen dio herritar guztiendako gobernatu ez izana. "ETAko biktimen sentsibilitatea iraintzen duten mota hauetako diru partidekin bukatu beharra dago. Gainera, gizarte-ongizate atalean dago integratuta eta sail horretako konpetentziak oso murritzak dira. Argi ikusten da EH Bilduren interes alderdikoia; eurendako gobernatzen dute".
Errekerimendua Bergarako ordenantza fiskalei
Bestalde, osoko bilkuran Bergarako ordenantza fiskalei errekerimendua jartzea onartu zuten EH Bilduk eta PSEk aldeko botoekin. Izan ere, Bergarako udalak ez du onartu ordenantza fiskalaren kontra jarritako erreklamazioa eta horregatik errekerimendua jarriko dio Antzuolako Udalak. Elgetako Udalak ere errekerimendua egitea onartu du.