Herri onurako mendiko lurren errentamendua baimendu eta esleitzea onartu zuten aho batez atzoko osoko bilkuran. Hala, Gorlazuri, Azkue-Aitzbakar eta Itxumendiko lurrak, 15 urtetarako errentan izango dituzte Pikunieta baserriak eta Irumendi Kooperatibak. "Enkantera atera beharrean, interesa zuten herritarrei alokatzea gura izan dizkiegu herri lurrak", azaldu du Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak.
Eta esleipenak baserritarren onarpena ere badu. Izan ere, behiekin eta ardiekin Gorla inguruan, norbera bere ereduarekin, dabil lanean eta adostasuna lortzeko denbora behar izan du Antzuolako Udalak. "Inguru horretan animaliekin lanean eurak ari dira; batzuk modu tradizionalean behiekin; besteak modu ekologikoan ardiekin. Aukera biei ematea gura genien eta dauzkagun lurrak bien artean banatzea. Akordioa ez da erraza izan, luze jo du ereduak ezberdinak direlako, baina adostasuna lortu dugu", gaineratu du alkateak.
Eskolako obra
Abenduan Eskola handitzeko lanak hasiko dira eta baimen legal guztiekin amaitzeko azken arau subsidiarioaren aldaketa onartu zuten. "Eskolaren berezitasuna da alde zaharrean sartua dagoela. Eta, Hirigune Historikoa birgaitzeko Plan Berezia kontuan hartu behar da, noski. Orain onartu dugun aldaketak horri eragiten dio, hain zuzen ere", argitu du Kortabarriak. Eskola handitzeko lehen lanekin abenduan hasiko dira; Gabonetako oporrak aprobetxatuz. Aurrefabrikatutako gelak tokiz aldatuko dituzte eta patioko aparkalekura eraman. Otsailean jarraituko luke handitze lanak.
Euskaraldia
Aho batez onartu zuten ere Udal ordezkari guztiek Euskaraldiarekin bat egitea Antzuolan. Hala, ondorengo astetan aurkeztuko dituzte herriko ahobizi –euskaraz egiteko prest– eta belarriprest-ak –euskaraz entzuteko prest–. "Hamaika egunez ohiturak aldatu gura ditugu eta posible dela erakutsi. Bakoitzak zein rol duen, hau da ahobizi edo belarriprest den azalduz, herritarrak Euskaraldian murgiltzea gura ditugu", kontatu zuen Euskara zinegotzi Jon Ugarteburuk. Orain, hamaikakoa osatzen dihardute eta laster aurkeztuko dutela gaineratu zuen Ugarteburuk. Rol bakoitzaren txapak ere banatuko dituzte.