2019ko udaberrira arte iraungo dute lanek

Maider Arregi 2018ko eka. 21a, 13:23

Torresoroako lehen solairuko kalteen zerrenda egin du Antzuolako Udalak; kalteen balorazioa egiteak baina, luze joko duela dio Valen Moñux Hirigintza teknikariak. Orain, ur-mangerekin garbiketa sakona egingo dute kaltetutako altzariak botatzeko.

Ekainean gertatutako uholdeek eragindako kalteak zerrendatu ditu Antzuolako Udalak. Balorazioa egitea baina, zailagoa izango dela dio Hirigintza teknikari Valen Moñuxek. Hasierako garbiketa lanak egin dituzte eta bertan pilatutako harriak eta lokatza ere kendu dituzte. Urak bustitako liburuak eta dokumentuak salbatzen ere saiatu dira. Orain, baina, garbiketa sakona egingo dute: "Orain arte ezin izan dugu sakon mangeraz lokala garbitu. Izan ere, paper asko zegoen. Behin liburuak jasota eta paper hondatuak kenduta, garbiketa sakona egingo dugu erakina, paretak eta lurra, garbitzeko. Eta hor ikusiko dugu zein altzari dagoen botatzeko eta zein mantentzeko". Kalteen balorazioa  egiteak ordea, luze joko du: "Liburutegian galdu diren liburu guztiak berriro eskuratzea ezinezkoa izango da. Hor eragindako kaltea zenbatu ezina da", azpimarratu du Valen Moñuxek.


Hala, behin lokala guztiz garbituta dagoela, perituek berriro ikuskatuko dute egoitza eta berregokitzeko proiektu zehatza egingo dute. Torresoroa egin zuen arkitektoak eta aseguruen perituek jardungo dute lan horretan zehazki. Prozesu luzea eta obra handia egin beharko dela iragarri du Hirigintza teknikariak. 2019ko udaberrian Torresoroako berritze lanak amaituta izatea da Udalaren helburua. "Lizitazio deialdira aterako ditugu obrak. Jakin administrazio konkurtsoak oso luzeak direla eta ondoren, lanak adjudikatuta, obra egin beharko da". Eraikinaren egiturak kalterik ez duen arren, lan handia dagoela egiteko azaldu du. Aretoan, harmailek ere ez dute kalterik jasan baina, lur dena aldatu beharko da. Txikizio handiena baina, liburutegiak jasan du eta berriro goitik behera berriztu beharko da. Liburutegia izan baita ezbeharraren zero gunea. 2019ko udaberrira arte iraungo dute berritze lanek.

Errotak geldi eta ur gabe jarraitzen du

Antiguako presak ere kalte handiak jasan ditu eta oraindik konponbidea bilatzen saiatzen ari direla azaldu du Hirigintza teknikariak. Helburua baina, presa konpontzea dela dio eta Ur agentziarekin harremanetan badihardutela. Lehentasuna ura errotara bideratzea da bertako zisne eta ahateen biziraupena bermatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak