Liburutegiko haurren gelako kristaletik hasi da eraikin barrura ura sartzen. Futbol zelai aldetik ur asko jausi da eta horrek eragin du liburutegiko haurren gelako kristala haustea. Ura, lokatza eta harri ugari sartu dira eta liburutegi osoan hedatu dira gero. Eraikineko ate nagusia apurtu behar izan dute ura eta bestelako hondakinak kanporatzeko, eta ostean antzuolarrak jo eta su aritu dira erratzak eskuan hartuta bertako zikinkeri guztia kanporatzen.
Liburutegiko liburuak eta diskoak herri osoan zehar hedatu dira, baita Eguzki auzoraino ere. Gune horretan uholdearen eraginak nabariak izan dira, eta horren erakusle da bertako frontoia igerileku erraldoi bilakatu dela. Auzotarrak lehen unetik aritu dira, erratzak eskuan hartuta, ura eta zikinkeria kanporatzen.
Beñardo Kortabarriak adierazi du denbora gutxian euri asko bota duela, eta horrek eragina izan duela, baina errepideko lanen egonkortasun falta izan dela beste faktore bat: "Lur asko mugitu dute hor, eta halakoak ez dituzte kontutan hartu. Urak bere bidea bilatu du".