Elena Lete alkatea ere bertan izan da, beste zinegotzi batzuekin batera, ingurua ikuskatzen eta egoeraren gaineko informazioa jasotzen. Udal agintariak eta herritarrak kexu agertu dira Antzuola errekaren ubidea zuhaitzez eta sastrakaz beterik dagoelako eta horrek handiagotu egin dituelako euri-jasa ez ohikoek sortu dituzten arazoak eta kalteak. "Uholdeak errekako zuhaitzek eragin dituzte" adierazi du Bergarako Udal Gobernuak.
Arratsaldeko lehen orduan gertatu da. Ekaitz-euriek 20 bat minutuan botatakoak eta errekaren egoerak eragin ditu kalteak.
Auto dezentek jaso dituzte kalteak, lokatzez beterik ageri ziren kalean aparkatuta edo garajeetan zeudenak, eta baita zenbait garajek eta atartek ere. "Zorionez, ez da kalte pertsonalik izan" esan du alkateak.
Ura Uraren Euskal Agentziari egoeraren berri sarri eman diotela adierazi du Bergarako alkateak eta kexu agertu da Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakundeak ez duelako neurririk hartu orain arte. Eta gogorarazi du azkeneko osoko bilkuran gaiaren gaineko mozioa onartu zutela Ura Uraren Euskal Agentziari eskatzeko neurriak har ditzala.
Esan bezala, Urteagako garajeetan eta errepide ertzean aparkatuta zeuden hainbat ibilgailu kaltetu egin dira uholdearen ondorioz. Suhiltzaileak, Udal Brigadako langileak eta auzotarrak ur xurgatzaileen laguntzarekin ibili dira ura etxe azpiko garajeetatik ateratzen eta zubietan pilatutako arbolak kentzen.
Bergarako Udal gobernuak adierazi duenez, astelehenean egingo dute balorazio zehatzagoa eta emango dute informazio gehiago.