Futbolaz harago "badago bizi modua"

Maider Arregi 2018ko mai. 24a, 11:53

Antzuolako Kirol Elkarteak 25 urte beteko ditu udazkenean; horren baitan, futbolaz eta kirolak transmititzen dituen zenbait balioen gaineko solasaldia eskaini dute asteon. Mendilibar, Labaka eta Azkargorta izan dira berbaldiko protagonistak.

Futbola bai, baina askotariko gaiak jarri zituzten mahai gainean Jose Luis Mendilibarrek –Eibarko entrenatzailea–, Mikel Labakak –Realeko bigarren entrenatzailea– eta Andoni Azkargortak –Eibarko laguntzaile teknikoa–. Futbola bihotzean daramate eta pasioz bizi dute hiruek. "Alde onak eta txarrak ditu futbolari profesionala izateak; bidaiak, bakardadea, familia eta lagunengandik urrun egotea... baina gustatzen zaiguna egiten dugu eta gainera lagunekin lan egiten dugu", diote.

Hiruek goraipatu zuten Antzuolakoa moduko klub txikietan egiten den lana. "Beharrezkoa eta txalogarria da herrietan egiten den borondatezko lana. Gaztetxoak balioetan hezi behar ditugu eta futbolaz gain badela bestelako bizia ere erakutsi".

Ibon Gezala, Jose Luis Mendilibar, Mikel Labaka eta Andoni Azkargorta, Torresoroan.


Gizartearen isla

Futbola gizartearen isla ere bada eta gizartearen erritmoan eboluzionatzen duela azpimarratu zuten: "Emakumeen futbolak orain hartu du indarra. Gizartean eskaera hori badagoelako besteak beste. Futbol taldeak enpresak direla ez da ahaztu behar. Lan handia dago emakumezko futbola sustatzeko baina hasiak dira telebista kateak eta zaleak emakumeen lana ere azaleratzen", azpimarratu zuen Azkargortak.

Euskararen esparruan gizarteak eta klubaren izaerak ere eragina baduela zioen Labakak: "Realaren balioetako bat izaera hori mantentzea da. Bertako Jokalariak ezinbestekoak dira Realaren biziraupenerako. Kanpoko jokalariekin errazegi hasten gara gu erdaraz berba egiten".

Mendilibarrek gako asko eman zituen taldea ondo gidatzeko eta sekretuetako bat talde osoaren konfiantzan eta sinismenean dagoela azpimarratu zuen.

25 urteko ibilbidea

Koldo eta Kruz Madariaga anaiek futbol saila sortzeko lehen bilerak eta urratsak Lekuberri jatetxean eman zituzten. Eta bere fruituak eman zituen orain 25 urte. Erretratuan, taldea ofizialki jaio zen urtean osatu zuten futbol taldea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak